Damaso Zabalzaren izena hartuko du Iruritako Gizarte Bilguneak

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Patxi Izko Iruritako apezak bedeinkatu zuen Iruritako Gizarte Bilgunea eta Damaso Zabalza herriko musikariaren izena hartuko duela aurreratu zuen. TTIPI TTAPA

Urtarrilaren 25ean egin zen inaugurazio ofiziala

Iruritako Gizarte Bilguneak herrian sortu zen Damaso Zabalza (1835-1894) pianojole eta konposatzailearen izena hartuko du. Horrela jakinarazi zuen Patxi Izko apezak urtarrilaren 25ean egin zen inaugurazio ekitaldian. Bertan izan ziren Virgina Aleman Baztango alkatea, Begoña Sanzberro, Santi Aldako eta Iñigo Iturralde zinegotziak, Maribel San Jose Iruritako alkatea, Mariano Oteiza arkitektua eta hainbat bizilagun. Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisara, Carlos Esparza Gizarte Ongizate departamentuko zuzendari nagusia etorri zen. Virginia Alemanek aipatu zuenez, gizarte bilgunearekin «elkarbizitza, errespetu eta elkartasundarendako eremuak irekitzea» nahiko luke. Maribel San Jose Iruritako alkateak, bilgunea errealitate bihurtzeko lanean aritu ziren Miguel Angel Adin, Cristina Arregi eta Gaspar Castellano zinegotzi ohiei eskerrak eman zizkien. Hemendik aitzinera orain arte bezain elkartuak eta langile segitzea eskatu zien iruritarrei. Izan ere, hainbat kirol eta kultur elkarte ari dira lanean 817 bizilagun dituen herrian, tartean Aranabia Antzerki Taldea, Baztango antzerki talde bakarra. Horretaz gain, Guraso Elkarteak, Iruritako Gazteek, Aranabia pilota elkarteak, Laxoa Elkarteak eta Irurita Txirrindularitza Elkarteak izanen dute instalazio berria erabiltzeko modua, gainerako iruritarrekin batera.

Gizarte Bilgunean 391.000 euroko inbertsioa egin da eta Nafarroako Gobernuak 179.883 euro ordaindu ditu. Beheko solairuan ostatua, joku-aretoa eta komunak daude eta bigarrenean 200 lagunendako lekua duen erabilera anitzeko aretoa. Hemen erakusketak, solasaldiak, kontzertuak eta zine edo antzerki emanaldiak eginen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun