Amaiurko golfa ,Oronozko proiektua,... eta oraingo honetan Erratzu.
Erratzuar gehienok dakigun moduan hainbat eraikuntza promotore ( modu “edukatuan” errateagatik), herrian kokatutako hainbat lurren jabe egin dira, haien artean kanposantu parean dagoen larraska. Jabe berri hauek larraska hau urbanizagarria izatea eskatu zuten, bertan “urbanizacion de baja densidad “ delako bat egin ahal izateko ( 10-12 familibakarreko txaletak ). Herriko bizilagun batzuk hori jakinda Balleko Etxean alegazioak aurkeztu genituen. Gure kexak puntu hauetan oinarritu ziren:
- Baztango hirigintza planteamendutik kanpo gelditzen da lur eremu hau. Horrez gain lur urbanizagarri aunitz ( sobera ? ) dago Erratzun, etorkizunerako beharrak asetzeko adina.
- Aipatutako larraska herrigunetik aparte gelditzen da nekazaritza gune garrantzitsuen inguruan kokatuta. Beraz, txalet berri hauek eraikitzeak hainbat familien ekonomian arazoak sortzen ahal ditu osasun eta ingurumenarekin lotutako legeak kontutan hartzen baditugu.
- Hondar urte hauetan jasaten ari garen desarrollismoak ez du aldiberean administrazio publikotik garepenik ekarri ( uraren arazoa, saneamenduarena, bideak,... ), eta hala ere, etxebizitza gehiago eraiki nahi dituzte ( larraska batean !! ).
Halako arazoaz kezkaturik ginen Errege Egunean batzarrea egin zenean. Bertan Baztango Udalaren aldetik proposamen harrigarria egin ziguten : mediku kontsultorio berria egitea non eta arestian aipatutako larraskan !!.Erratzuko herritarren iritzia, duda!, ideia horren kontrakoa izan zen eta horrela agertu zen Batzarrean.
Afera hauen inguruan Udalari bere betebeharrak ongi egin ditzala eskatzen diogu. Maniobra espekulatiboen aitzinean herritarroi babesa eman diezagula ( hori baita bere egitekoa) eta hemen bizi garenok beharrezkoak ditugun oinarrizko zerbitzu publikoak ongi horni ditzala. Bere burua aurrerakoitzat hartzen duen gobernuak bere hitza bete dezala, uste baitugu hankasartze sobera izan dituela ( axolagabekeriagatik edo inkonpetentziagatik ). Beharrezkoak diren zuzenketak behingoan egin ditzala, ez badu bailara hau maldan behiti joaterik nahi. Guk gure partetik posible ditugun neurri juridiko guziak hartuko ditugu hondar basakeri hau aitzina joan ez daien.
Xabier Ballarena