Azpiegitura lanetarako 3,37 milioi euroko inbertsioak onartu dira

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 20a

Horietako zenbait lan emateko lehiaketa deialdia ere egin du Udalak

Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak 3.375.072 euroko inbertsioak onartu ditu Baztanen ur-hornidura, saneamendu, karriken zolaberritze eta baserrietako bideak moldatzeko lanak egiteko.

2001-2003 Hirurteko Planerako eskatu zen Iruritako Apote auzoko ur sarea berritzeko 138.071,97 euroko dirulaguntza emanen du Nafarroako Gobernuak, 270.839,48 euroko aurrekontu batetik.

Elizondoko Arlan, Amaiuren, Erratzun, Elizondon, Anizen eta Arizkunen ur-hornidura eta saneamendu lanak egiteko aitzinetik emandako agindu bat aldatu eta inbertsioa handituko du Toki Administrazio Departamentuak. Honela, 1.148.732 euroko aurrekontu batetik 707.559 euro ordainduko dituzte Iruñetik. Lekarozko Huarte, Oharriz eta Arrazkazan auzoetako ur sareak berritzeko laguntza handitu du Departamentuak eta 1.585 euroko aurrekontutik 996 euro jarriko ditu.

Sareak moldatzearen ondorioz egin beharreko karriken zolaberritze lanetarako ere dirulaguntzak izanen dira. Elizondo, Amaiur, Erratzu, Iruritako Apote, Lekaroz eta Arizkunen 1.357.594 euroko aurrekontutik 806.861 euro ordainduko dira.

Elbeteko sareak berritzeko eta zola berritzeko lehendik emandako agindu bat ere aldatu du Toki Administrazio kontseilariak eta orai 175.267 euroko aurrekontutik 73.461 euro ordainduko dira. Azkenik, Arizkun, Elizondo, Lekaroz, Irurita, Arraioz, Berroeta, Amaiur, Erratzu, Elbete, Gartzain, Ziga eta Anizen baserrietarako bideak moldatzeko 433.116 euroko inbertsioa eginen da, 912.998 euroko aurrekontu batean. Anzanborda, Bagordi eta Elizondoko Sobrino bidean asfaltoa emanen da eta gainerakoetan ormigoia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun