Balleko Udala eta Xabier Santxotena Arizkungo Bozate auzoan dagoen museoari buruzko akordio batera ailegatu dira eta 20 urterako hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren arabera, eskultoreak lurrak eta eskulturak utziko ditu denbora horretarako. Honela, Nafarroako Gobernuak dirulaguntza emateko eskatu zuen bezala, instalazioak jendeari irekitzearen baldintza betetzen da. Akordioa nahi baino beranduago ailegatu da, zenbait ezadostasun baitzituzten Santxotenak eta Udalak, baina azkenean soluzioa bilatu diote. Hitzarmena zuzen betetzen dela zaintzeko batzordea osatu da. Udalaren aldetik, Virginia Aleman alkatea, kultur zinegotzia eta kultur koordinatzailea izanen dira batzordean eta bertze aldetik, Xabier Santxotena bera, Teresa Lafragua emaztea eta hauen seme bat. Alkatea kontent agertu da, afera zail honeri soluzioa eman diotelako.
Gogoratuko duzuenez, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Promoziorako Zuzendaritza Nagusiak espedientea ireki zion Balleko Udalari eta 2001eko abenduan Bozaten aire librean museoa eraikitzeko eman zion dirulaguntza bueltatzea eskatu zion, prentsan agertu zenez. Nafarroako Gobernuak dirulaguntzako 503.841,38 euroez gain, 36.772,52 euroko interesak eskatu zizkion Udalari. Baztango Udalak arrenkura agertu zuen, berari jakinarazi baino lehen prentsara bideratu zelako berria eta ordurako akordioa gauzatzeko lanean ari zelako. Orain, hitzarmena sinatuta espedientea itxi egin beharko luke Nafarroako Gobernuak.