Elizondoko BHIko ikasleek Nafarroako Enpresa Simulatuen I. Ferian

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 16a

Aurten 7 urte betetzen ditu Baztan Likoreak S.A.S enpresa simulatuak

Joan den otsailaren 9an, Elizondoko BHIko Administrazio eta Finantzetako Goi Heziketako Zikloko ikasleek, Ainhoa Karrikaburu, Mikel Larregi, Marijo Maritorena, Ines Zelaieta, Rakel Ordoko eta Maite Ibarra ikasleak eta Arantxa Iriarte, eta Maite Ariztegi irakasleak Nafarroako Enpresa Simulatuen I. Topa-gunean parte hartu zuten Tafallako ferietan.

Hauxe da Elizondoko BHIko ikasleek beren BAZTAN LIKOREAK S.A.S. enpresarekin parte hartzen duten bortzgarren merkataritza-topagunea, lehenago Molins del Rey, Reus, Lleida eta Bartzelonan egin direnetan parte hartu baitute. Katalunian bi urtean behin Enpresen Nazioarteko Feriak antolatzen dira eta bertan Espainiako zein nazioarteko enpresa simulatuek parte hartzen dute.

Nafarroan lanean hasi zen lehen enpresa simulatu hau 2000. urtean sortu zen. Elizondoko BHIn kokatuta dagoen enpresa simulatu honek 7 urte daramatza lanean eta gaur egun erran dezakegu enpresa hau Espainiako enpresa simulatuen sarearen barnean ongi finkatua dagoela, eta merkataritza-jarduera maila ona mantentzen duela.

Publizitateari begira Feriak garrantzia handiko baliabide komertzialak dira, eta hornitzaile eta bezeroen arteko harreman zuzena bultzatzen dute. Alde horretatik, Tafallako feria arrakastatsua izan da, Heziketa Helburua duen Enpresa Simulatuen metodologia arrakastatsua den gisa berean, azken honi esker ikasleak lan-munduan hasi aitzin langile eta protagonista bihurtzen baitira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun