Magnesitas Navarra enpresak eta Baztan Futbol Taldeak lankidetza hitzarmena sinatu dute joan den asteartean Elizondon. Magnaren izenean, Nicolas Gangutia enpresako zuzendari nagusiaren ordezkaria, eta Jose Antonio Yeregi industria arloko zuzendaria egon ziren, eta Kirol klubaren izenean Lander Santamaria presidentea, eta Luis Maria Ruiz, Victor Sanjose eta Miguel Angel Arraztoa elkarteko kideak.
Onartutako idatziaren arabera, Zubiriko enpresak diru kopuru bat ordainduko dio klubari, eta horren ordez hunek Magna izena eramanen du kirol ekipamenduan. Horrez gain, enpresa iragartzeko 4 panel paratuko dituzte Giltxaurdi futbol zelaian. Adostutako diru kopuruari buruz ez dute zehaztu zenbatekoa izanen den, baina taldetik prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez, nabarmena iruditzen zaie, esku zabalekoa eta eskertzen dutena. Aipatu bezala, kirol elkarteak bere aldetik erabiltzen dituen jantzietan enpresaren marka eta logotipoa erakutsiko da. Gaur egun, Baztan eta inguruko herrietako 150 bat lagun ari dira Baztan Futbol taldean, erregionaleko lehen mailan, jubenilen lehen mailan, kadetetan eta haurretan, talde bana, eta kimu eta benjaminetan bina, guztira 8 talde. Bi aldeek sinatutako hitzarmena urte batekoa da, baina epea bukatzerakoan bertze baten sinatzea ez dute baztertu.