Martxoaren 15ean aurkeztu zuten Baztan Balleko Etxean Doike EskuaraTaldeak argitaratu duen Baztango Etxeen Telefono Gida. Alazne Sansiñena, Doike elkarteko taldeburuak eman zuen liburuaren xehetasunen berri eta berekin batera, Josu Prim eta Julen Mitxeltorena Doikeko ordezkariak, Iñigo Iturralde Baztango alkateordea eta Paula Kasares euskara teknikaria izan ziren aurkezpen ekitaldian.
Baztango etxeen telefono gidak ia hiru mila telefono biltzen ditu. Baztango populazio entitatateen argazkiez lagunduta dago eta haien planoez hornitua ere. Berrikuntza gisara, etxeen izenak dira gidaren sarbide edo bilatzeko modu nagusia. «Oikonimoen edo etxeen izenen azterketa filologikoa ere, hau da, jatorrizko izena zein den eta oraingo arau estandarrak kontuan harturik aholkatzen den idazkera, egin dugu».
Doikek argitaratutako gida honek, Baztango etxe izenen erabilera soziala areagotzea du helburu,« horien araberako kontsulta usuko gida erabilgarri baten argitaratzearen bidez. Baztango etxe-izenek Nafarroako eta Baztango ondare kultural gisa duten balioaz baztandarrak jabearaztea eta Baztango oikonimoen jatorria eta orango idazketa estandarra hedatzea». Gidaren mila ale argitaratu dira. Baztanen banatuko dira, lehendabizi Doikekideen artean eta gero eskatzen duen edozein baztandarri emanen dio Doikek, baina ez da salduko. Balleko liburudendetan hartu ahal izanen da, baita Balleko Etxean ere.
Proiektu honi diruz eta bertzelako ekarpenen bidez lagundu diotenak eskertu nahi izan zituzten aurkezpenean.