Baztango Ezker Abertzaleak heldu diren hauteskundeetan aurkezteko asmoa duela jakinarazi du igandean, Elizondoko Foru plazan emandako prentsaurrekoan. Ekitaldira adin guzietako 35 bat lagun bildu ziren Ikurrina eta Nafarroako banderaren atzean. Prentsaurrekoan jakinarazi zutenez azken lau urte hauetan Baztango Udaletxean ezkerreko ikuspegi politiko eskasa nabarmendu dute. Horrez gain, ez daude ados Ezker Abertzalea joko politikotik kanpo uzteko hartu diren neurriekin. Hori dela eta, baztandar guziak ordezkatuak izan daitezen hauteskundetara aurkeztuko den zerrenda osatzea erabaki dute.
Irakurritako oharrean, hiru puntu nabarmendu zituzten. Batetik, zuzenagoa eta hobea izanen den Baztan baten alde lan egitea hitzartzen dute Udalan, eta hartzen diren erabakietan, eragina izanez, eta herritarren parte hartzea bermatuz. Bertzetik, Baztandik beretik, Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari konpontzeko lan egitea bere egiten dute. Eta azkenik, ordu arte aldarrikatu duten proiektua defendatzen segituko dutela jakinarazi dute.