Luis Campoy Zueco Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailburuak otsailaren 1ean inauguratu zuen Zigako eskola berria. Eraberritze-lanek guztira 242.740 euroko gastua izan dute, eta horietatik 157.781 Nafarroako Gobernuak jarri ditu, gainerakoa (84.959 euro) Udalak ordaindu du. Inaugurazio ekitaldian, bertzeak bertze, Virginia Aleman Baztango alkatea, Fermin Villanueva Eskola eta Lanbide Ikasketen zuzendari nagusia, eta Balleko hainbat zinegotzi izan ziren.
Zigako herri-eskolan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ematen dira, eta eskola dagoen eraikina XX.mendearen hasieran eraikitakoa zen. Zaharkitua zegoelako bere osotasunean berregituratu behar izan dute. Egituraren paretak eta zimenduak bakarrik mantendu dituzte. Eskolaren eraberritze hau ezinbertzekoa zen, izan ere, eraikina zaharkitua izatearen ondorioz batez ere, eskolaren eraikinak hainbat gabezia eta hutsune zituen.
Lanak bukatu arte, eskolak herriko parrokian
Eraberritze lanak hiru fasetan egin dira, 2005eko otsailaren 26an hasi ziren eta ikasturte honen hasieran akitu. Lanek iraun duten bitartean, hasieran Elizondoko eskola publikoan eta gero Zigako parrokian eman dituzte eskolak. Eskolak beheko solairua eta bertze bi pisu ditu eta pilotalekua ere badu ondoan.
Zigako herri-eskola Balleko bertze eskolekin elkarlanean ibiltzen da, Azpilkueta, Arizkun, Almandoz, Amaiur, Arraioz, Erratzu, Gartzain, Irurita eta Oronoz-Mugairikoekin batera. Zigaren kasuan, eskolak 3tik 12 urtera bitarteko hamabortz-hogei ikasle inguru izaten ditu urtean. Azken ikasturte honetan, hogei ikasle matrikulatu dira guztira, 7 Haur Hezkuntzan eta 13 Lehen Hezkuntzan.