Alkaterik gabe segitzen dute oraindik Iruritan eta Elbeten

Maite Oteiza 2007ko otsailaren 13a

Elbeten igandean egitekoa zuten batzarra

Pasa den Eguberrietan, herrietako alkateak aukeratzeko batzarretan, bi herri gelditu ziren alkaterik gabe, Elbete eta Irurita.

Bertako alkateek bi batzarre antolatu ondotik eta, inor ez zela postu horretarako aurkezten ikusirik, Baztango Batzar Orokorreko (junta general) presidentea den Baztango alkateak, Virginia Alemanek, iruritarrei batzar berri batera deitu zien, otsailaren 4an, Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean. Balleko alkatearekin batera, Santi Aldako alkateordea eta azken legealdietan Iruritako alkate izen den Maribel San Jose izan ziren mahaiburuan.

30 bat pertsona hurbildu ziren eta Ordenantzek agintzen duten bezala, norbaitek herriko alkatea izan nahi zuen hiru aldiz galdetu ondotik, hilabete bateko epea eman da, hurrengo batzarre baterako, inork ez bait zuen bere burua aurkeztu. Santiago Aldakoren erranetan, «penagarria da honelako egoera batera ailegatzea. Herrietako alkateak lehen zituzten konpetentziak berreskuratzeko ordenantzak aldatzeko asmoa daukgaula jakinarazi dugu batzarrean, eta Udaletik laguntza emateko prest gaudela, baina alferrik izan da».

Otsailaren 11n, berriz, Elbeten konbokaturik zegoen batzarra herriko ostatuan.

Baztanen arazo hau sortu da, gaur egungo herrietako alkate juradoek ez dutelakoz inongo konpetentziarik, herria eta udaletxe arteko bitartekaria bihurtu delakoz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun