Elizondoko Txaruta pilota taldeak Berria Txapelketako 5. jardunaldia jokatu zuen joan den larunbatean Iruritan Errioxako Ezkarai taldearen aurka. Hiru partiduetatik 2 galdu bazituzten ere ondoko kanporaketarako sailkatzea lortu zuten 53 eta 50.
Kadeteetan Madariaga eta Bereau Palacios eta Ituriagaren aurka aritu ziren. Partida serioa egin bazuten ere, ezin izan zuten gauza handirik egin, eta azkenean 22 eta 13 galdu zuten. Gazteen mailan Juanenea eta Barberena, Gorka eta Merino II. izan zituzten aurkari. Bigarren norgehiagoka hau orekatuagoa izan zen, baina huntan ere Baztandarrek hetsi behar izan zuten 22 eta 18. Helduen mailako partida jokatzekoa zela, gauza hagitz gaizki ikusten ziren Txarutako taldekoentzat. Baina iduriz, Cerezo eta Elizaldek ez zituzten aferak hala ikusten. Sailkatzeko irabazi behar zuten aurrekariek 9 puntu baino gehiago ez utziz. Hasi baino lehen ezinezkoa zirudien, baina egin-egin zuten. Arratsaldeko azken partida 22 eta 6 irabazi zuten Matute IV eta Merino I. aurka. Guttigatik bada ere Baztandarrek ondoko kanporaketarako sailkatzea lortu zuten.