Txotx irekiera aspaldiko moduan

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 12a

Lehengo ohitura oroitarazi nahian Jo ala Jo kultur taldekoek antzezlan eskaini zuten

Azken urte hauetan txotx irekiera, pertsona famatuei ematen den ohorea da, izan bertsolaria, kirolaria, kantaria edo idazlea. Arizkunen, Gamioxarrean bertze era batera ospatu dute lehen sagardo tragoen dastatzea. Baztango ordenantzak dioen bezala, duela aspaldi herriko alkate juratua eta Baztango alkatea izaten ziren sagardoa lehenik dastatzen zutenak prezioen finkatzeko. Ohitura hau da hain zuzen ere Jo ala Jo Kultur taldekoek oroitarazi nahi izan dutena antzezlan baten bitartez.

Herriko eta ibarreko jauntxoak, Joanes Bonetaberri Arizkungo alkatea eta Rufus, Bizerzuriko Bordako jauna, Baztango alkatea, herrian sartu ziren txistulariek bidea irekitzen zietela. Plazan, Dolareko etxeko nagusia Mikel Lekaluze Sagastibeltza eta bere andrearekin bat egin zuten Gamioxarrea aldera joan baino lehen. Ohiturak nahi zuen bezala, dastatzea hasi baino lehen ordenantzak biltzen dituen 8 puntuak irakurri zituen alkate juratuak. Ekitaldi ofizialak alde batera utziz, azkenean kupelen gelara pasatu ziren, aurtengo sagardoa nola dagoen dastatzeko. Protagonistak haien rola bukaeraraino egin zuten eta sagardoa zehatz mehats aztertu zuten, gustua, goxotasuna, eta kolorea bertzeak bertze. Hortik aitzinera, Jon Barberena eta Jon Elizetxe bertsolarien txanda izan zen. Jauntxoen maneretaz irri egiteko aukera ez zuten hutsik galdu. Azkenean haien egin beharra bukatu zuten eta sagardoari prezioa jarri zioten, baina apala izanik ez zen batere etxeko nagusien mesederako izan.

Hurbildutako jende andanak sagardoa dastatzeko aukera izan zuen eta ondotik denak batera zikiro jatea izan zuten. Bigarren urtea da Jo ala Jo kultur taldeak sagardoa egiten duela, eta horrelako ekitaldiak antolatzen dituela. Urtetik urtera hain bezainbat arrakasta izaten badute laster Gamioxarrea ttikiegia geldituko zaie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun