«Hezkuntza munduko askorentzat tresna baliagarria izan daitekeela uste dugu»

Goizalde URDANPILLETA 2007ko otsailaren 12a

Nora SALBOTX eta Xabier BALLARENA Kazeta proiektuaren egileak Goizalde URDANPILLETA

• Baztango herrietako eskola guzien ekarpena bilduz Kazeta proiektua izeneko liburua eta CDa argitaratu dituzte Nora Salbotx eta Xabier Ballarenak, Amaiur eta Oronoz-Mugairiko eskolako irakasleek.

• Egitasmoa 2006ko Durangoko azokan kaleratu zuten Sortzen Ikasbatuaz-ekin, eta ilbeltzaren 31n aurkeztu Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean.

• Kazeta proiektua liburu-denda handietan banatuko dute. Halere, ikastetxeetatik eurengana jo dute zuzenean.

Zer da Kazeta proiektua?

Teknologia berriak lan tresnatzat artzen dituen proiektu zabala da, haur hezkuntzatik hasi eta lehen hezkuntzako maila guztietan aplikatua izan den esperientzia pedagogiko interesgarria. Proiektuak bere hastapenetik izan dituen zutabe teoriko eta filosofikoak ageri dira bertan. Hortaz haratago, bere aplikazioari dagozkion zehaztasun guztiak ere biltzen dira.

Nola aurkeztu duzue egitasmoa?

Liburua eta CDa biltzen ditu Kazeta proiektuak. Baztango herrietako eskoletako ikasleek sortutako ekoizpen guztiak liburuari atxikitutako CD batean bilduta heldu zaizkigu. Honela, irakurleak zertanz hitz egiten ari garen era zuzen eta praktikoan jakinen du momentu oro: liburuan, teorizazioa eta plangintzak, CDan, horren ondorio diren ikasleen lanak.

Nolatan sortu zen proiektua aitzinera eramateko beharra?

Proiektua orain zortzi urte inguru jarri genuen abian. Internet eta teknologiko berrien inguruko kezka hori agertu zelako, ordenagailu eta sarearekin zer egin ez zekiten eskoletan.

Zer izan zen emandako lehen pausoa?

E-posta bidezko barku-gerra jokoa jarri genuen abian oronoztar haurrek eta maisuek. Orduan, eta intuizioak hausnarketa sakonari aurre hartuta, Kazeta proiektuaren lehen hazia landatu genuela erran daiteke. Prentsa titularrek saltzen ziguten ikuspegi teknokratikoetatik urrun, Baztango herrietako eskoletako ikasle zein irakasleok, baliabide teknologikoen inguruko ikuspegi gizatiar bat oinarri harturik, era ludiko eta funtzionalean informazioa eta komunikazioarenak beharko luketen teknologiak bereganatzeko eginahala abian paratu genuen. Hurrengo ikasturtean, ziber-ipuina otorri zen, eta ondokoan Kazeta proiektuaren lehen pausuak. Kazeta I egitasmoan elkarrizketak, erreportajeak, zorion agurrak, formakuntza, ogiaren errezeta... etorri ziren. Gero, Kazeta II Euskal Herriko Entziklopedia, postre errezetak... Eta hara, Bartzelonako Rosa Sensat pedagogia sariketan finalistak izan ginen.

Nolakoak izan ziren hastapenak?
Borondatea bazegoen eta erronka berri bati aurre egiteko kementsu geunden. Eta lan guzti horien truke, dirulaguntzatxoa jaso genuen, argazki kamera digital disketeduna erosteko adina, eta punto. Zorioneko Kodak-a. Hainbertze lagun berarekin ametsetan... Tira, aitzinerat segitzeak merezi zuen.

Zer lortu nahi da Kazeta proiektuarekin? Hasierako kezka hura gainditu dugu Baztango eskoletan, baina irakasle, guraso, guraso zein hezkuntza zientzien eremuan diharduen kide askorentzako lan tresna baliagarria izan daitekeela uste dugu. Proiektukako metodologi batean oinarrituz, aldiero bilatu izan diren helburuak, landu nahi izan diren edukiak, behar izan diren baliabide funtzional zein materialak, egin diren balorazioak, eta abar aurkitu daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun