EAJk bat eginen du Baztango Udalak hartuko duen erabakiarekin

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 8a

Magnak Erdizen egin nahi duen harrobia interesgarria iruditzen zaio sozio-ekonomiko ikuspegitik

Erdizen Magnesitas de Navarra duen harrobia proiektuari buruz alderdiek eta erakundeek dituzten iritziak plazaratu behar direla pentsatuz, Baztango Eusko Alderdi Jeltzaleak, udalak hartuko duen erabakiarekin bat eginen duela jakinarazi du prentsa ohar baten bidez. Orain arte Baztango Udalak eman dituen pausoak ongi iruditzen zaizkio, eta horretarako ez dute inongo arazorik ikusten errateko Virginia Alemanen taldeak Magnarekin izan dituen harremanekin ados daudela, baita egin diren azterketa eta biltzen ari den aholkularitza teknikoa eta legalarekin ere. Udala eta Ibarreko Batzorde Orokorrak hartuko duen erabakia bereganatuko du ongi pentsatua eta aztertua bada, eta Baztango biztanleek eman dieten konfiantzaren gehiengoarekin hartua bada. Haien ustez, proiektuan dauden iritzi ezberdinak kontuan hartuz, Baztango erakundeek gaitasun osoa dute denen intereserako hoberena izanen den erabakia hartzeko.

Proiektuari begira berriz, eskuan izan dituzten dokumentuetan eta aditu dituzten iritzietan oinarrituz, EAJri interesgarria iruditzen zaio sozio-ekonomikoaren aldetik, beti ere, ingurumenean izan ditzakeen ondorioak murriztea, eta gunearen berreskuratzea bermatzen badira.

Alderdiaren ustez Baztango Ibarrari dagokio erabaki egokia hartzea etorkizunerako eta gazteriarentzat. Aukera izan daiteke pairatzen duen emigrazioa murrizteko, eta horretarako baliabide guziak baliatu behar dira, baita naturalak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun