Alkate juratua izendatzeko hirugarren batzarra joan den igandean burutu eta gero, Iruritako herriak ordezkaririk gabe segitzen du. Bileran 30 bat lagun bildu ziren, baina inork ez zuen eskua altxatu bilera zuzentzen zuen Baztango alkatea Virginiak Alemanek kargua nork hartu nahi zuen galdetu zuenean.
Joan den urteko abenduaren 24az geroztik herriak ez du erregidoretik egun horretan ospatu baitzen lehen batzarra, eta lehengo alkate juratuak, Maribel Sanjosek, jakinarazi baitzuen kargua uzten zuela. Bigarrena, bi asteren buruan deitu zen, urtarrilaren 6an, baina horretan ere ez zen herritarrik animatu. Legeak dioen bezala hirugarrena, Baztan Ibarreko Batzorde Orokorreko presidenteak Virginia Alemanek deitu behar izan zuen joan den igandean. Horretan ere irtenbiderik ez zuten aurkitu.
Igandeko Batzarrean Virginia Alemanek hiru aldiz galdetu zuen ea norbaitek kargua hartu nahi zuen, baina, hiruetan arrakastarik ez zuen izan Baztango alkateak. Azken hunekin zegoen, alkate ordeak, Santiago Aldakok, azaldu zuenez, pena da egoera horretara ailegatzea, baina behar diren deialdi guziak eginen dituzte alkate juratua izendatu arte. Bestalde, inork ez animatzeko aitzakia nagusia den Baztan ibarreko ordenantzen eguneratzean lan egiten ari direla jakinarazi zuen. Hori bete eta, alkate juratuek lehenago zituzten eskubideak eta ahalmenak berreskuratuko lituzkete.
Iruritarekin batera alkate juraturik gabe segitzen duen bertze herria Elbete da. Hauek ondoko batzarra heldu den igandean eginen dute, eta Iruritan laugarrena, hemendik hilabete baten buruan, martxoaren 4an.