Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleak Lleidan

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 5a

TTIPI TTAPA

Lekaroz-Elizondo BHIko Administrazioa eta Finantzetako Goi Heziketa zikloa ikasten diharduten eskualdeko 13 ikaslek eta bi irakaslek Lleidan ospatu den VI. Nazioarteko enpresa simulatuen bosgarren azokan parte hartu dute martxoaren 10 eta 11n. Elizondoko lanbide eskolako ikasleak bi urtez behin antolatzen den azoka honetara joaten diren hirugarren aldia da, izan ere, 2000. urteaz geroztik bait dago martxan Baztan Likoreak SAS enpresa simulatua. Enpresa simulatu honen helburua ezagupen teorikoak praktikara eramatea izaki, ikasleek enpresaren kudeaketa administratiboa egiten dute. Horrela, ikasleak ikasketak akitzen dituztenerako erabat prest egoten dira eskualdeko edozein enpresa edo erakundetako administrazio lanpostuetan aritzeko. Gainera, aurtengoan Lleidako nazioarteko enpresa simulatuen azokan produktuen aurkezpena ere egin dute. Azoka honetara enpresa simulatuak eskaini izan dituen likoreez gain, laster katalogoan sartzeko asmoa duten txokolatea ere eraman dute dastagai eta ondorioz, pozik agertu dira lortutako salmentekin. "Negozio bidai" hau gauzatu ahal izateko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eta Lekaroz-Elizondo BHIko guraso elkarteak dirulaguntza eman du, eta bertzalde, azokako standean erakusketa eta dastaketarako izan diren prokuktuak Arizkungo Licores Baztan eta Elizondoko Malkorra gozotegiek eman dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun