Santxotenarekin egin den akordioa «iruzurra» dela salatu du UPNk

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 5a

Lekarozko kolegioaren aferan «transparentzia» falta dela dio

Baztango Udalaren eta Xabier Santxotenaren artean sinatutako hitzarmena «iruzurra» dela uste du UPNko udal taldeak. Horretaz gain, «herriarentzat guziz kaltegarria, nahasia eta faltsua» dela diote UPNko zinegotziek, onuradun bakarra artista bera izanen delakoan. Lekarozko Kolegioa erosteko egiten ari diren gestioak ere salatu zituzten prentsaurrekoan Begoña Sanzberro, Isabel Bidart eta Jose Antonio Bergara zinegotziek eta «prestatzen ari diren pelotazo urbanistikoa zeinen mesederako izanen den» galdegin zuten.

UPNko zinegotziek adierazitakoaren arabera, Xabier Santxotena eskulturgileari kalitate-botoa eta, ondorioz, erabakitzeko ahalmena ematen zaio batzordean. «Lehengo EAko zinegotziek hasi eta oraingoek akitu dute bidegabekeria gauzatu da eta baztandar guzien zergen bitartez ordainduko da, partikular baten benefizio bakarrerako» erregionalisten ustez.

Lekarozko kolegioari dagokionez, «transparentzia falta» izan dela salatu du Begoña Sanzberrok: «Lotsamangarria da galdera aunitz uzten dituen afera bati buruz prentsaren bidez enteratu behar izatea».

UPNko zinegotziek, herriko bertze aferak moldatzen ez diren bitartean ez omen dute Lekarozko kolegioari buruz aukera bakar bat ere baloratuko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun