Zapela eta Domingoren oroimena

Utzitako argazkiak 2007ko otsailaren 5a

Azken egun hauetan Arizkungo bi etxe zapelik gabe daude. Horietako bati, frontoiari, naturak, haize itxurak hartua, teilatua erauzi eta herria zernahi gauzatarako tokirik gabe utzi du: kiroletako, dantaz entsaiutarako, haurren jostetarako, azken batean, elkartzeko tokirik gabe. Baliteke instituzioren batean norbaitek naturaren seinaleen zain egon behar ez dela kontuan hartu izana, jakinik frontoiak herri ttiki batean duen garrantzia.

Bertze zapela herriko ostatukoa dugu. Naturaren abisuari aitzin hartu eta aste batzuk lehenago bertze bat jartzen ari zen herriko jendea. Hogeita lauaren ilunabarrean Domingo Borda Duhalderen istripuak horretan ari zirenen bihotzak urratu zituen. Zoritxarrak ordaindu gabeko elkar-lan horretan ixiltasuna, amorrua, ezintasuna eta oinazea hedatu zituen.

Auzolana herriarendako lana dugu, doanekoa, lanabesak eta materialak eramanez, besta egunetan arituz, bideak eta tokiak konponduz, herriarendako egina. Aunitzetan herri eta hiri handietan instituzioek konpontzen bide dituzten arazoak edo sortzen dituzten zerbitzuak auzolanaren beraren bitartez egiten dira Arizkun bezalako herri ttikietan, non horrela ez egitekotan, bizitza piskanaka itzali, gazteria urrundu eta etxeak, bideak zein espazio naturalak hondatuko baitziren.

Gizarteak eta instituzioek auzolanaren errekonozimendua gaurkotua egin beharko lukete, bertze hainbat gizarte esparrutan gertatzen den bezala. Bitartean hitz hauen bidez familiari oinazean lagundu nahi diogu; baita Arizkungo eta Baztan osoko lagunei ere, auzolanean modu batean edo bertzean aritzen diren guztiei.

Gaur, larunbatean, zure azken bordaraino lagundu zaituzten tristezia, oinazea, dignitatea eta betiko oroimenaz gain zuk egin nahi zenuen zapel hori ere present zegoen. Inoiz ahantzi eginen ez zaituzten lagunek aurreskuan bezala omenaldi gisa eskaini dizute. Betirarte, zure lagunak.

Arizkungo Herriko Etxea Elkartea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun