Elizondoko Fco. Joaquin de Iriarte Zahar-Etxeko tarifak %40 eta %80a artean garestitu dira, zahar etxea zuzentzen duen Gobernu Batzordeak berriki hartutako erabakiaren arabera. Gobernu Batzordea Balleko Udaleko hiru ordezkarik (Virginia Aleman alkateak, eta UPNko Isabel Bidart eta EAko Santiago Aldako zinegotziek), lau herritarrek eta Elizondoko eta Gartzaingo apezek osatzen dute. Azken hauek, Fco. Joaquin de Iriarteren testamentuaren lekukoak dira.
«Francisco Joaquin de Iriarte Zahar-Etxeak premia handiko zenbait moldaketa lan egin behar ditu eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate Departamentutik dirulaguntza eman aitzinetik, berezko diru-sarrera guztiak ahal bezainbat handitzea eskatu dute». Horrela azaldu dute tarifaren igoera Zahar Etxeko Gobernu Batzordeko kideek. Horretarako, Gobernuko Ongizate Departamenduak ezartzen dituen tarifetara egokitu behar izan du Elizondoko erresidentziak.
Inmaculada Urtasun, Zahar-Etxeko gerenteak onartu duenez, «tarifak arront desfasatuak geldituak ziren, hori egia da. Tarifa ezberdinak ditugu, bere buruaz baliatzeko gai den edo ez kontuan hartuz, eta logelan bakarrik edo lagun gehiagorekin dagoen kontuan hartuz. Orai, igoeraren ondotik, honela gelditu dira tarifak: bere buruaz baliatzen direnak, logela bakarrean hilean 1.030,10 euro eta logela konpartituan 740,88 euro. Laguntza behar dutenek, logela konpartituan 1.349,10 euro. Hauek ez dute logelan bakarrik egoteko aukerarik».
Igoera erabaki da, ezustea eta polemika pixko bat ere sortu du herrian, baina bere oihartzuna ez da Baztanen gelditu. IU-Ezker Batuako Felix Taberna parlamentariak galdera egin zuen Nafarroako Parlamentuan, igoera honen zergatia eta hori legearen araberakoa ote den galdetuz.
Momentuz, tarifa igoerak ez omen du izan eraginik erresidentziako bizilagun kopuruan. Gaur egun 137 lagun bizi dira zahar-etxean, urtarrilean tarifa berriak ezarri zirenetik bi lagunek baja eman baitute. Inmaculada Urtasun, Fco. Joaquin de Iriarte zahar-etxeko gerenteak aipatu digunez, «pertsona bakarra joan da tarifa igoerarengatik, bertzea arrazoi pertsonalengatik joan zen». Bizilagun gehienak Baztangoak eta inguruko herrietakoak dira eta Iruñeko bi pertsona ere bertan bizi dira. Zahar-Etxean 52 langile ari dira eta Karitatearen Alaben kongregazioko zortzi moja ere bertan daude, lau lanean eta bertze lau erretiratuak.
Legionella araudi berrira egokitzeko lanak
Francisco Joaquin de Iriarte zahar-etxearen aurtengo aurrekontua 1.469.000 eurokoa da. Gehien bat bizilagunen kuotarekin estaltzen dute aurrekontua, San Anton eguneko errifatik lortzen dena «gaur egun anekdotikoa baita» Urtasunen erranetan. 1980an moldatu zenetik ez da konponketa lan handirik egin egoitzan eta zenbait zerbitzutan hobekuntza lanak premiazkoak dira. Honela, sukaldea lehenbailehen konpondu beharko litzateke eta 180.000 euroko inbertsioa behar da. Horretarako dirulaguntza eskatua da aurten Nafarroako Gobernuan. Gainera, Inma Urtasunek aipatu digunez, «legionella araudi berrira egokitzeko lanak preziski aurten egin beharrak ditugu: kalderak eta ur-amumuladorea aldatu, kalefakzio instalazio berria egin…».
HISTORIA LUZEA DUEN ZAHAR-ETXEA
XIX. mendean Baztanek pobreen asiloa zaintzen zuen Iturralde eta Iriarte Fundazioa zuen alde batetik eta Balleko Ospitala eta Miserikordia Etxea bertzetik. Elizondon zegoen Balleko Miserikordia Etxea, Zigan sortutako Bartolomé de Iturraldek XVIII. mendearen hondarrean Ameriketatik igorritako 2.000 Pesoei esker sortu zen. Bere asmoa latinidade eskola sortzea zen, eta hori posible ez balitz, Baztanerako onuragarria zen bertze zerbaitetara bideratzea. Eskolak lege aldetiko zailtasunak topatu zituen eta horren ordez, Balleko Juntak Elizondon kaputxinoek izan zuten eraikina erostea erabaki zuen, han Miserikordia Etxea egiteko. Etxe honek araudia Nafarroako Errege Kontseiluak onartu zuen 1787ko otsailaren 27an.
Ondotik izan ziren gerra ugariek Miserikordia Etxearen diru-iturri nagusia, herritarren karitatea edo borondatea, itxi egin zuen. «Nahikoa lan zuen jendeak familia aitzinera ateratzeko!». XIX. mende erdialdera Etxea berriz antolatzea erabaki zen. Horretarako, herritarren 170.525 pezeta eta Francisco Joaquin de Iriarte apezak utzitako 1.858.000 erreal erabili ziren. 1763an, Francisco Arizkun eta Iturmentako markesa zen Josefina Irigoien bere emazteak, 15 vellon-errealen mila Peso arrunt eman zituzten ospitalerako. Beranduago, 1924an, Maria Machintoak Miserikordiarako 30.000 pezeta utzi zituen bere testamentuan.
XIX. mende bukaeran 90 lagun bizi ziren zahar-etxean eta urteko aurrekontua 20.000 pezetakoa zen. 1980. hamarkadako azken moldaketen ondotik, 132 ohatze zituen zahar etxeak eta geroztik bertze batzuk paratu dira.