Baztango Eguna Mexikon maiatzaren 1ean

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 5a

Mexikon bizi diren etorkin baztandarren bigarren aldiz Baztango Eguna antolatu dute maiatzaren 1erako. Gan den urtean izugarrizko arrakasta izan zuten eta 150 lagunek baino gehiagok hartu zuen parte Mexikoko hiriburuko Euskal Etxean egindako ospakizunean. Aurten ere leku bera aukeratu dute bestarako.

Besta honek, berez arizkundarrak diren Zugarramurdi Iribarren familiakoek urtero La Vasconia okindegian egiten zuten bilkura eta bazkarian du sorburua. Garrantzitsuena biltzea zen eta Isabel Iribarreneri gogoratu zitzaion besta baztandar guztiendako zabaltzen ahal zela. Bere seme-alabei aipatu eta Miren Agirre eta Jaione Arrieta, Euskal Etxeko presidente eta presidente ordearen laguntzarekin, antolatu ere egin zuten. Orduan baztanzopak, txuritabeltz, piperrada haragiarekin eta aretze-azpizuna izan zuten bazkaltzeko. Aurtengo bestaren egitaraua ez dute zehaztu oraindik, baina joan den urtekoa gainditzen saiatuko dira, doike.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun