Magnesitas de Navarra enpresak Erdizen duen harrobi proiektua aurkeztu eta egun batzuk beranduago, Erdiz Aldeko Batzarrak Zubiriko enpresak errandakoari buruz hausnartzeko bilera egin zuen joan den ortegunean. Ondotik prentsaurrekoa eskaini zuen. Batzarra 2000. urtean sortu zen, Magnak proiektuaren berri eman zuelarik. Orduan hainbat lan egin ondotik, Baztango udalak ezezkoa eman zuen. Hortaz taldea lan egitetik gelditu zen, baina azken hilabeteetan asmoak berpiztu direla eta, berriz ere kanpaina batean sartu behar izan dute Erdizko ingurua bere horretan utz dezaten.
Proiektuari buruz Magnak zer dioen aipatu baino lehen, egitasmoan logikarik ez zegoela azpimarratu zuten. Batetik Erdizko ingurua interes amankomuneko eremua batean kokatua dago hainbat landare eta animali aterpetzen dituelako. Horregatik joan den hamarkadako bukaeran eoliko parke baten proiektua atzera bota zen paisaiak ondatuko zituelakoan. Bertzetik jakinarazi zuten, harrobiak, dagoeneko gaizki dabilen abeltzaintzari, are kalte gehiago eragingo lukeela.
Proiektuaren aurkakoak Baztango udalari ere kirtikak egin zizkion ez baitute ulertzen zergatik ingurumeneko azterketa Magnarekin lan egiten duen Ingean enpresari eskatu zioten. Diotenez horretarako bakarrik fidagarritasuna zalantzan eman daiteke. Zergatik ez dute bertako aditueei eskatu jakinez ingurumena eta dituzten ezaugarriak hobekiago ezagutzen dituztela.
Bukatzeko, Magnak errandakoan ez dute sinesten. Haien ustez ondorioak ttikitu dituzte. Trafikoa aipatu baino handiagoa izanen da, bertako bidean egin beharreko moldaketak ere, eta pentsatzen dutenaren arabera eurietako urak ezingo dituzte denak garbitu dekantazioarako urbiltegien bitartez. Lan arloan eskaini dezaketen lanpostuei buruz ere zalantzak badituzte, haien ustez hitz eman dutena ez dute gauzatuko.
Prentsaurrekoa bukatzeko argi utzi dute hesteko asmorik ez dutela, are guttiago inoiz baino ekitaldi eta bilera gehiago eginen dituzte. Hemendik aitzinera, asteartero bilduko dira eta bilerak lan egin nahi duten guzieri irekiak izanen dira. Hauteskundeak hurbiltzen ari direla, talde politiko eta eragile guziekin biltzeko asmoa dute gaiari buruz zer dioten plazaratzeko.