• Amaiurko errota zaharra moldatu eta landa apartamentua egiteko asmoa du Baztango Udalak.
• Errota Erratzuko hainbat etxeena da, portzionistena. Hauek, Balleko Udalari utzi diote 25 urterako.
• 185.866 euroko gastua izanen duten moldaketa lanen %70a Nafarroako Gobernuak ordainduko du, eta %30a Baztango Udalak. Baina zati hori, errota hartzen duenak ordainduko du zerbitzua hartzerakoan.
Nola geldituko da Amaiurko errota moldaketa lanen ondotik?
Goitiko aldean landa apartamentu bat eginen da, bi logela, bere bainu ttikiekin, komedorea eta sukaldearekin. Hori turistei ostatu emateko izanen da. Beheitiko aldean, errotaren makineria dena, zaharberrituko dugu eta berriz ere lanean jarriko da. Behin moldatuta errota hartzen duenak, gutienez, urtean 30 egunez publikoari ireki eduki beharko du. Apartamentuan ostatu hartzen duenari ere erakustaldiren bat egin beharko dio, errotak nola funtzionatzen duen agertu, uraren kanala erakutsi, arras polita baita lekua. Hori da eskatuko zaiona. Gero, bere kabuz, egun gehiagotan ireki edo bisita gidatuak antolatu nahi baditu, Zubieta edo Urdazubiko errotetan egiten den bezala, horretarako aukera izanen du. Horretaz gain, errotako arkupean denda ttiki bat eginen da, hemengo produktuak, eskulanak, oroigarriak edo errotan jotzen den irina saldu ahal izateko.
Zer aurrekontu duzue errota zaharberritzeko?
185.866,45 euroko kostua izanen du, obra zuzendaritza eta proiektua barne. Horren %70a Nafarroako Gobernuak ordainduko du eta %30a Baztango Udalak. Baina gure asmoa, zati hau errota hartzen duenak bere gain hartzea da. Horretarako, 25 urterako adjudikazioarengatik hasierako prezioa 70.000 eurokoa izanen da. Dena hasieran ordaintzea eskatuko dugu, baina gero, bertze 25 urtez ez du deus ordaindu beharko.
Zer hartuko duzue kontuan errota ematerako orduan?
Alde batetik eskaintza ekonomikoa egonen da, jakinai. Horrek 70 puntu bitarteko puntuazioa izanen du. Gero, kontratua gauzatzeko segituko duen lan-programari eta zerbitzuari lotuak izanen diren giza baliabide eta materialei buruzko memoria esplikatiboak 15 puntu balioko du gehienez, eta eskaintza egiten duenak bertze administrazio publiko eta erakundeendako azken urteotan eman duen zerbitzuengatik, esperientziarengatik azken finean, bertze 15 puntu gehienez.
Errota nork hartuko duzuela uste duzue, partikular batek edo turismo arloan esperientzia duen enpresaren batek?
Guk ez diogu inori ateak itxiko, baina niri partikularki, aunitz gustatuko litzaidake Amaiurko pertsona batek edo Baztango batek hartzea. Autoenplegua sortzeko aukera polita izaten ahal dela iduritzen zait, pertsona batendako edo birendako enpresa ttiki bat sortzeko aukera polita.
Amaiurrek, errotaz gain, bertze baliabide turistikoak ere eskaintzen ditu gainera…
Amaiurrek badu bere historia, momumentu batzuk baditu… leku polita da, eta Baztanek, berez, turistarentzat daukan gantxoarekin lotuta, ongi saltzen ahal dela eta negozioa aitzinera ateratzeko modua baduela uste dut.