Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak baimena eman du arkeologia ikusketak egiteko Baztanen. Zehazki, Irurita eta Elizondo artean eginen den N-121-B errepidearen eraikuntzak ukitzen ahal duen ondare historikoa babesteko hartu du erabaki hau. Honela, Kultura eta Turismo Departamentuak, Runa eta Peyco enpresei enkargatu die lana. Lanak egin aitzinetik egin beharreko zundaketen planifikazioa eta ondare historiko eta etnografikoari buruzko katalogazioa egin beharko dute. Horretaz gain, lan hau eginen duten enpresek aurkitzen dituzten hondakinak Ondare Historikoaren Zerbitzuari eraman eta emaitzei buruzko txostena prestatu beharko dute. Gainera, errepideak ondare arkeologikoari eragiten dioenean, trazatuaren aldaketak proposatu beharko dituzte eta obra-planarekin bateragarriak diren babes-proposamenak eginen dituzte.