14,1 milioi euroko udal aurrekontua onartu du aurten Balleko Udalak

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 5a

EAko zinegotziek aldeko botua eman zuten eta UPNkoek kontrakoa

Baztan Balleko Udalak 14,1 milioi euroko diru sarrera eta irteerak izanen ditu aurten, EAren aldeko 8 botuekin eta UPNren aurkako 5ekin onartutako aurrekontuaren arabera. Aurrekontu orokor horretan sartzen dira Udalaren aurrekontua (11,9 milioi), Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxearena (1,68 milioi) eta Baztan Ikastolarena (517.600 euro). Balleko Udalak, 7,08 milioi euro baino gehiago inbertsioetara bideratuko ditu aurten eta horretarako 2,4 milioi euroko kreditua eskatu beharko du. Horrek zorpetze-maila %14,72an jarriko du, muga %21,4an ezarrita dagoenean.

Inbertsiorik handiena, Hirurteko Planean onartutako lanetara bideratuko dira. Honetan, 4,67 milioi gastatuko dira, baina 2,5 milioi Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu. Amaiur, Ziga eta Erratzuko eskolak moldatzeko 300.500 euro gastatuko dira eta Nafarroako Gobernuak %65a ordainduko du. Iruritako Loizu hiltegian moldaketa lanak egiteko 280.000 euro erabiliko dira, %60ko dirulaguntzarekin eta Almandozen hirigintza lanak egiteko 224.000 euroko aurrekontua izanen da. Abeltzaintza eta toki azpiegitura lanak egiteko 200.000 euroko inbertsioa eginen da, oso-osorik Nafarroako Gobernuak ordaindu eta auzolan bitartez eginen direnak.

Bertzelako lanak ere izanen dira: Amaiurko errota moldatzeko 205.000 euro gastatuko dira, Arizkungo frontoia moldatzeko 200.000, mendi lanak egiteko 115.000 euro eta Erratzuko Bidegorrieta baserrira argia eramateko 107.500 euro. Balleko Udalak oso-osorik ordaindu beharko du pisten moldatze eta zolaberritze lanak, 85.000 euroko aurrekontuarekin edo Elbeteko frontoiaren moldaketa lanak, 36.000 euroko aurrekontuarekin. Udaletik herriei ematen zaien dirulaguntzari dagokionez, aurten ere, Kontsumorako Prezioen Indiziea bakarrik igo da, IPC delakoa, eta 82.234 euro emanen dira osotara. Gehiena Elizondok hartuko du, 9.291 euro eta guttiena, zortzi herri ttikienek, Azpilkueta, Elbete, Gartzain, Arraioz, Ziga, Aniz, Berroeta eta Almandozek, 5.091 euro bakoitzak. Tartean, Iruritak 5.973 euro hartuko ditu, Arizkunek 5.834, Erratzuk 5.578, Oronozek 5.392 euro, Amaiurek 5.118 eta Lekarozek 5.312 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun