Magnesitas de Navarra (Magna) enpresak Erdizaga inguruan harrobia irekitzeko asmoarekin segitzen du eta Baztango Junta Generalari esplotazio-planaren berri eman zion maiatzaren 2an. Erdizen egindako zundaketek «Emaitza nahiko onak» eman dituztela aipatu zuten eta inguru horretan etorkizunean harrobia irekitzea aztertzen ari direla. 60 edo 70 Hektarea herrilur beharko lituzkete eta 35 lanpostu sortuko omen lirateke. Trukean, Magnak urtean 120.000 euro ordainduko lituzke. Gainera, Erdizen aziendak bazkatzen dituzten abeltzainei eta ehiztariei ere «bertzelako konpentsazioak ere» eginen omen dizkiote. Junta Generalak, bi aldiz agertu du harrobiaren kontrako jarrera, baina solasaldietan segitzen du enpresarekin.
Belaun Bizirik taldea, bere aldetik, Erdizagako harrobiaren kontraagertu da berriz ere, eta «Udalaren jarrera-aldaketa» salatu du. Talde honen ustez, «harrobitzarraren aldeko klima soziala eta politikoa sortzeko baldintza egokiak eratu nahian dabiltza. Harrobiak koste sozial eta ekologiko berreskuraezina sortuko lioke Baztani». Erdizen prezioa negoziatzen ari ote diren argi eta garbi azaltzea ere eskatu die Belaun Bizirik taldeak Udalari eta enpresari.