Baztan Balleko Udalak eta Eusko Ikaskuntza erakundeak Baztani buruzko dokumentazio guztia lokalizatzeko eta baloratzeko bekaren lehenengo zatiaren deialdia egin dute. Baztani buruz dagoen dokumantazio guztia lokalizatzea eta baloratzea izanen da beka honen helburua. Horretarako argitaratu edo argitaratu gabeko bibliografia, artxiboetako dokumentazioa nahiz bertze euskarri batzuetakoa aztertu beharko da. Lehenengo zati honetan lehentasuna Nafarroan dagoen dokumentazioaren azterketak izanen du.
Beka eskuratzeko hautagaiak historian lizentziatuak izan beharko dute edo egin beharreko lanaren arloan esperientzia dutela frogatu beharko dute. Eusko Ikaskuntzako kide izanen dira edo bertzela lana hasterako kide izateko eskaera luzatu beharko dute. Baztanen edo inguruko herrietan erroldatutakoek lehentasuna izanen dute.
Dokumentazioa aurkezteko epea ekainaren 24an akituko da, Eusko Ikaskuntzaren edozein bulegotan edo Baztan Balleko Etxean. Eskariak egiteko inprimakiak ere Eusko Ikaskuntzaren bulegoetan edo Baztango Udaletxean jaso daitezke, baita www.eusko-ikaskuntza.org web orrialdean.
Beka honek 3 hilabeteko iraupena du, proiektu irabazlea aukeratzen den momentutik aitzinera. Bekaren zenbateko gordina 1.750 eurokoa izanen da eta gehienez 250 euroko dotazioa izanen du bidai gastuentzat. Beka hiru zatitan ordainduko da, lehenengoa lana hasterakoan, bigarrena bekaren erdian, ikerketaren eboluzioari buruzko txostena aurkeztu ondotik, eta hirugarrena eta azkena, dagokion lana entregatzerakoan, baldintza guztiak bete dituela egiaztatuz gero.