Magnak bizirauteko beharrezkotzat jotzen du Erdizko proiektua

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 1a

Enpresaren ustez harrobia ona izanen da Baztanentzat ere

Magnesitas Navarra enpresako ordezkariek Artesiagan duen harrobi proiektua aurkezteko prentsaurrekoa eskaini zuten asteartean Iruñean. Egin dituzten azterketan arabera, Eugin duten harrobia hemendik 8 urteren buruan agortua geldituko da. Arrazoi horregatik, azken urte hauetan Nafarroako hainbat lekutan magnesita bila ibili dira, hala nola, Saioan, Legaten, Askorretan eta Zilbetin, baina emaitzen arabera, Erdizkoa baizik ez litzateke ekoizgarria. Proiektua aitzinera ateratzen baldin bada, aurreikuspenen arabera 20 urteko iraupena izanen luke eta 11,4 milioi tona magnesita aterako lirateke, urtean 570.000 tona. Proiektua Erdiz mendiaren gibeleko aldean kokatua dago, hurbilen dauden herrietatik 14 eta 21 kilometro arteko distantzian, Aldudeko babestutako guneak (LIC) dituen 9.000 hektareatan. Zehazkiago, harrobiak 63 hektareako azalera izanen luke, eta zaindutako eremuaren %7a hartuko luke.

Ingurumenaren babesa da proiektu honen aurkariek duten kezka nagusia, eta horrekin batera, harrobiak eraginen lukeen trafikoari buruz ere zalantzak dituzte. Gai honi buruz, kamioiak Irurita eta Eugiren arteko N174 errepidetik pasatuko liratekeela jakinarazi du enpresak, eta Artesiagan, harrobiraino ailegatzeko, 1,2 km pista irekiko litzatekeela. Kamioen maiztasunari dagokionez, bertzalde, orduko 10 izanen direla aurreikusia dute.

Magnesitas Navarrak argi du proiektua aitzinera aterako bada, ingurumena berreskuratzeko proposamen sendoa aurkeztu beharko duela. Hortaz, arlo horretan dituen kalitate ziurtagiriak azpimarratu nahi izan ditu. Bertzalde, Jose Antonio Yeregui Magnesitaseko zuzendariak adierazi duenez, harrobiaren berreskuratze lanak ustiapena hasi bezain laster hasiko dira. Aurreikusi duten ekoizpen planaren arabera bi zulo eginen dituzte, eta lehenengoa bigarrenetik aterako duten lurrarekin beteko dute. Ustiapena aurreratu ahala, bertako zuhaitz eta landareak landatuko dituzte lehenagoko itxura berreskuratzeko.

Enpresaren biziraupenerako Erdizko proiektua beharrezkotzat jotzen dute ordezkariek, eta bidenabar, Baztango udalarentzat eta biztanleentzat ere onura franko izanen dituela baieztatzen dute. Idatzi duten proiektuaren arabera 35 lanpostu sortuko lituzke zuzenki eta 150 zeharka. Era berean, gaur egungo lanpostuak mantentzeaz gain, 750 familia hunkituko lukeen langabezia ere saihestuko litzatekeela azpimarratu dute pasa den asteartean emandako prentsaurrekoan. Gisa berean, kopuru zehatzik aipatu ez duten arren, Udalarentzat diru sarrera adierazgarria eraginen lukeela segurtatzen dute. Abeltzaintzan izan dezakeen trabei dagokionez, Magnesitaseko arduradunen iritziz bi jardunak bateragarriak izaten ahal dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun