Tximiniako bertze bi sute Almandozen eta Arraiozen

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 30a

Su-hiltzaileen interbentzio azkarrari esker ez zen kalte handirik izan

Asteburuan, Nafarroako su-hiltzaileek 9 ateraldi egin behar izan zituzten tximinietan piztutako suteengatik. Gure eskualdean ere bi gertatu ziren. Hortaz, larunbata goizean Mugairiko su-hiltzaileek bitan mugitu behar izan zuten Almandozko eta Arraiozko bana etxetan gertatutako ezbeharra gelditzeko. Lehena goizeko 8:20ean gertatu zen, eta bigarrena berriz 13:25ean. Eskerrak su-hiltzaileen azkartasunari kalte handirik ez ziren izan. Gure eskualdeko bi kasuetan tximiniak besterik ez ziren hondatu. Mugairira itzuli baino lehen, su-hiltzaileek sutea guztiz itzalita zegoela segurtatu zuten kamara termiko batekin.

Gisa horretako suteak urtero gertatzen dira. Bi arrazoi nagusi dituzte, batetik tximinian kedarra metatzen delako, eta erregaia bihurtzen, eta bertzetik, tximinia gaizki eraikia izan delako. Tximiniarekin zerikusia duten ez-beharrik ez gertatzeko hainbat neurri hartzea aholkatzen da, urtero tximinia garbitzea kedar guzia kenduz, idorra den egurra erretzea kedar guttiago egiten duelako, tximinia dagoen gelan aire berritzea segurtatzea kea eta karbono monoxidoa tximiniatik joateko, eta supazter ondoan alfonbra, arropa edo altzaririk ez eduki.

Eraikitzerakoan ere bertze neurri batzuen hartzea aholkatzen da, hala nola, tximinia eta ihesbideak guztiz isolatua egon behar dute berotasuna ez transmititzeko, ihesbidea ahal bezain bat zuzena izan behar du, kea ahalik eta hobekien ateratzeko eta bero punturik ez sortzeko, eta atea duten tximiniak hautatzea aholkatzen da txinparten arriskua saihesteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun