San Anton eguna ospatu zuten Elizondon eta Erratzun

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 26a

Balleko Etxean egin zen San Anton eguneko zozketa. TTIPI TTAPA

San Anton egunean, ilbeltzaren 17an, Elizondoko plazan baztandar aunitz bildu zen zozketa tenorerako.

Elizondoko Joaquin Iriarte zahar-etxeak, San Anton egunarekin, zozketa bat antolatzen du, lortzen den diruarekin erresidentziako urteko gastuei aurre egiten laguntzeko. Remigio Lizasoain, Jose Javier Bazterrika eta Mª Isabel Vidarte zinegotzien eta Jose Manuel Landaren laguntzaz, nahi zuen guziari baztan zopak zerbitzatzen zizkioten plazan. Balleko Etxeko balkoian zozketa egin zuten Florentino Goñi zinegotzak,Virginia Aleman alkateak, Inmaculada Urtasun zahar-etxeko administradoreak eta Mª Jesus Muñoz udal idazkariak. Lehenbiziko saria, aretze bat, 6.520 zenbakia, Elizondoko Betizun saldua, Arizkungo Maria Bidegain Zalduarentzat. Bigarrena, zerri bat (12.206), Izpegiko Gaineko Bentan saldua. Hirugarren saria, 2 bildots (12.014), Erratzuko Iparla ostatuan saldua. Laugarrena, magra bat (2.471), Elizondoko Urrutia ileapaindegian saldua.

San Anton egunak bere ospakizuna Erratzun ere izan zuen. Elizondon gehiengoa gizonezkoa izaten bada, hemen andreak elkartzen dira besta ospatzeko. 12:00etan meza, ondoren Zubipuntan luntxa eta gero 47 lagunendako bazkaria Kastonean. Bazkalondoan akordeolariarekin dantzan eta kantuan ibili ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun