Pilotarien Batzarra elkarteak bere urteko besta eginen du igande honetan, ekainaren 1ean, Elizondon. Hogeigarren aldiz eginen du urteko besta hau eta laugarren aldia da Nafarroan egiten dela, 1990ean Lizarran, 1995ean Lesakan eta 2000. urtean Leitzan egin zirenen ondotik. Pilotarien Batzarrak bazkideak ditu Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Iparralde, Nafarroa, Errioxa eta Katalunian. Aurtengoan omenduko dituztenen artean, pilota munduarekin lotura berezia duten hiru nafar ere badaude: Zugarramurdiko Juan Etxenike, Jose Joaquin Ziganda eta Florentino Ibarra, Beintza-Labaiengo guante egilea. Urteko batzar honetarako prestatu den egitarauaren barnean, Arizkunenea kultur etxean ikusgai daude 18:00etatik 21:00etara pilotari buruzko erakusketa eta lehen aldiz egin den argazki lehiaketara aurkeztutako lanak.