Maria Zalduak irabazi du aurtengo idia

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 18a

Eguraldia lagun ehundaka lagun hurbildu ziren Foru Plazara

San Anton egunean San Frantzisko Xabier zahar-etxearen alde egiten den zozketaren suerteduna Arizkungo 84 urteko Maria Zaldua Bidegain izan da bere alabari Betizu Albaitaritzan erositako txartelari esker. Lehenago behi bat irabazten bazen, azken urteetan idia da oparitzen dena, eta aurtengoa Pirinioetako arrazako 300kiloko eredu eder bat izan da, 1.200 eurotan baloratua. Bigarren saria, zerri bat, Izpegiko Venta Galarregin erositako 12.206 zenbakiarentzat izan da, baina asteazken arratsean ez zuen oraindik inork erreklamatu. Bi bildots irabazteko hirugarren sariaren txartela Erraztuko Iparla ostatuan saldua izan zen eta 12.014 zenbakia eramaten du. Hunek ere, egunean bertan ez du irabazlearen izenik eman. Azkenik laugarren saria, urdaiazpikoa, Elizondoko Urrutia ile-apaindegia saldutako 2.471 zenbakidun txartelarentzat izan zen, baina aitzineko biak bezala irabazlea ez zen agertu.

Zozketa alde batera utziz, egun osoa giro ezin hobean pasatu zen, udaberriko giroa, tenperatura epelak eta zerua oskarbi. Fededunek goizeko mezara joan ziren, eta handik lekora Baztan Zopak, ardi gasna eta ardoa dastatu ahal izan zituzten Foru Plazan. Baztango ekoizleek ere ez zuten hitzordua huts egin, eta han-hemenka etxeko produktuak saltzeko postuak jarri zituzten besta aberasteko. Ekitaldi guziak bukatu eta, ohitura den bezala, zahar-etxeko batzorde kideak eta langileak bazkari eder baten inguruan bildu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun