Azienden feriak eta Baztandarren Biltzarreko herri bazkaria egiten diren Elizondoko merkatuko plazari zati ttiki bat kenduko diote San Frantzisko Xabier ikastetxera joaten diren autobusen zirkulazioa errazteko. Aitzineko legealdiak hasitako proiektua bideratu dute eskolako autobusak eta hortik ibiltzen diren kamioiak hobekiago itzultzeko Jaime Urrutia Karrikatik eskuinean dagoen Giltxaurdi karrikara Erabetara joateko. Obrak eragina izanen dute bakarrik Gorape aldeko izkinan. Santiago Aldako zinegotziak prentsari jakinarazi duenez aspaldiko proiektua zen eta bizilagunek behin eta berriz eskatu dutenak. Azkenean burutzea erabaki dute. Gehitu nahi izan du, lehengo itxura ahal bezain bat gordetzeko material aberatsak erabiliko dituztela.