«Harrobiak txikizioa eraginen luke inguruan»

Aitor AROTZENA 2007ko urtarrilaren 17a

Ilbeltzaren 2an eta 10ean Erdiz Bizirik Plataformak deitutako batzarretara hainbat baztandar agertu dira, gaiak interesa eta kezka sortu duela nabarmenduz. Utzitako argazkiak

Proiektua aspaldikoa da, 2001eko martxoan eskatu baitzuen Magnesitas Navarras enpresak Erdizaga eta Oiategi inguruan zundaketako egiteko baimena. Eugiko meategiak gehienez hamar urteko bizia izanen zuela aipatzen zuen orduan enpresak eta Balleko Udalak zundaketak egiteari baiezkoa eman zion 2001eko abuztuan. 2002ko maiatzean zundaketa gehiago egiteko baimena eskatu zuen Magnak, baina Junta Generalak baimena ukatu egin zion. Garai hartan sortu zen Erdiz Bizirik plataforma eta orduan bezala, orai ere proiektuaren aurka azaldu da. Zundatze lanen aurka agertu arren, azken urteotan Baztango Udalaren eta Magnaren arteko harremana ez dela eten azpimarratu dute Erdiz Bizirik plataforman bat egin duten baztandarrek.

Plataformak argi du harrobiak txikizioa eraginen lukeela inguruan. Ildo horretan, taldeko kideek salatu dute Gobernuaren jarrera. Eremu horretan dagoen Europarentzat Interesa duen Tokitik (LIC) kanpo, eta beraz, babestutako eremuaren mugatik kanpo utzi duelako, hain justu, harrobiak beteko lukeen ingurua, Erdiz Bizirik Plataformako kideek aipatu dutenez.

Plataformak Magna enpresaren jarrera ere salatu du. Baztango hainbat kirol talde diruz laguntzen hasi da enpresa, eta bertako hedabideetan iragarkiak jartzen. Harrobiaren kontrakoek proiektua gauzatu ahal izateko interesarekin lotu dute Magnaren jokabidea. Erdiz Bizirik plataformaren ustez, «batzarretarat hainbertze jende agertzeak, proiektuaren inguruan alimaleko kezka dagoela erakusten du, eta beharrezkoa dela ixilik dagoen gehiengo sozial hori piztu eta mugiaraztea. Aldi berean, egin daitezkeen gauza desberdinei buruz, herri galdeketa baten aukeraz solastu zen batzarrean, horretarako, Leitzarrek egindakoa baliagarri izan daitekeela aipatu zen, eta hari horretatik ere, lan egiten ahal dela. Nekazariak ere, biziki larrituak agertu ziren proiektuarekin, Baztango bazkatoki komunalik handiena xehatuko lukeelakotz».

Baztango Aralar ere kontra

Erdiz Bizirik plataformaren iritziarekin bat egin du Baztango Aralarrek, eta proiektuaren aurka agertu da, prentsa ohar baten bidez. Harrobiak hamabortz urterako 30 lanpostu sortuko lituzkeela aipatu du Aralarrek, eta «hori ez da nahikoa proiektuak dituen alde txarrak bazter uzteko». Alde txarren artean aipatu du Baztango Aralarrek ingurua Europarentzat Interesa duen Tokia dela, eta, harrobia eginez gero, 24 milioi metro kubiko lur mugituko liratekeela eremu horretan.

Modu berean, harrobiak aldaketak eraginen lituzke Artesiaga eta Eugi Kintoen barrena lotzen dituen errepidean. Trafikoak, gainera, goiti eginen luke. Aralarrek aipatzen duenez, orduro 25 tonako hameka kamioi ibiliko lirateke inguruan.

Hori guztia kontuan hartuta, proiektuari ezezkoa erratea erabaki du Aralarrek. Proiektuari buruzko informazioa herritarrengana heltzeko eskatu du, gaiak eztabaida handia piztu duelako Baztanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun