Magnaren harrobiak Erdizen eragin ditzakeen kalteei buruzko azterketa eskatu du Baztango Udalak

Aitor AROTZENA 2007ko urtarrilaren 17a

TTIPI TTAPA

Magna enpresak Erdizaga inguruan ustiatu nahi duen harrobiak ingurumenean eraginen lukeen kalteei buruzko azterketa egitea eskatu dio Baztan Balleko Udalak Ingean enpresari. Modu berean, proiektu honen etorkizunari buruzko azken solasa Baztango Junta Gene

Virginia Aleman alkateak, EAko bertze zinegotzi batzuekin agerraldia egin zuen urtarrilaren 8an, jendaurrean kezka horiek uxatzeko asmoz. Bere erranetan, gan den urtean Magnak Eugin duen harrobiko arduradunek eta langileek jo zuten Baztango Udaleko agintariengana, eta Azkarateko minerala agortzen ari delako, Artesiagako Erdizaga eremuko lurretan harrobia egiteko proiektua beharrezkotzat jo zuten.

Eskaera horren harira, proiektuak izan ditzakeen aldeko eta kontrako elementuak «sakon eta objektiboki» aztertzea erabaki zuen Baztango Udalak, eta erabaki horren ondorio da egun Ingean enpresa harrobiak ingurumenean eraginen lituzkeen kalteei buruz egiten ari den txostena. «Horren zain gaude, oraindik ez baitute akitu».

Alemanek argi erran du, hala ere, proiektuari baiezkoa edo ezezkoa emateko azken erabakia Junta Generalaren esku utziko duela Udalak, «herritarrek ustiatzeko lurrak baitira proiektuak ukitzen dituenak, komunalak»

Alde horretatik, afera honek Aldudera egin nahi zen bidearekin antzekotasunik badu. Orduan ere eztabaida piztu zen, Udalaren eta Belaunaldea bizirik plataformaren artean. Bide hura egiteko dirulaguntza handia eskaini zuten Europatik, Udala ere aukera onenaren bila lanean hasia zen, baina azkenean, Junta Generalak ezezkoa eman zion proiektuari.

Baina Virginia Alemanek ez du baztertu Nafarroako Gobernuak auzian esku hartzeko aukera. «Gerta daiteke Gobernuak harrobia udalez gaindiko proiektutzat jotzea, eta, ondorioz, zuzenean izanen luke baimentzeko eskumena». Halako erabakirik hartzeko urratsik ez du egin Gobernuak, oraingoz eta UPNko Begoña Sanzberroren erranetan, «ez du hori egiteko inolako asmorik oraingoz». Ondorioz, ohiko prozedura jarraitzen ari da proiektua. «Ingurumenean eraginen lukeen kalteei buruzko txostena prestatzen ari da enpresa, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailean aurkezteko. Sail horrek oniritzia ematen badio, Baztango Udalari dagokio gero lanak egiteko baimena ematea», azpimarratu du Alemanek. Une hori oraindik ez dela ailegatu berretsi du Baztango alkateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun