«Sagardoaren %90a bertako sagar ekologikoarekin egin dugu aurten»

Aitor AROTZENA 2007ko urt. 17a, 11:00

Jesus Angel GARCIA Lekarozko Larraldea sagardotegikoa Utzitako argazkiak

• Larunbat honetan, urtarrilaren 20an, Nafarroako sagardotegien txotx denboraldia zabalduko da Lekarozko Larraldean.
• Gaur egun, sagardoa ekoizten duten sei sagardotegi daude elkartean: Larraldea, Lesakako Linddurrenborda, Berueteko bi, Aldatz eta Lekunberrikoa.
• Nafarroa osoko sagardotegietan 200.000 litro sagardo eginen dituzte; Larraldean 32.000 eta 35.000 litro artean.

Nola joan da aurtengo sagar uzta?

Nahiko ongi. Sagar goiztiar dexente izan dugu baita beranduko zerbait ere. Denboraldi erdiko sagarrik ez dugu izan, baina nahiko uzta ona izan da.

Zer moduko sagardoa espero duzue aurten?

Sagardo batzuk eginak daude dagoeneko eta bertze batzuei denbora dexente falta zaie oraindik. Kolore aldetik gorrixtagoa izanen da aurtengo sagardoa, baina ez da seguru erraterik. Eskualdeko sagarrak tanino gehiago izaten du eta horrek kolore berezia ematen dio.

Zer sagar klase erabiltzen duzue sagardoa egiteko?

Batez ere sagar gazia erabiltzen dugu, baita geza, motela eta goxoa ere. Eskualdean, sagar mota aunitz eta onak daude. Gehien erabiltzen ditugunak urtesagarra, udaresagarra… Baztanen anixesagarra ere aunitz erabiltzen dugu, kolore iluna ematen duena. Aurten sagardoaren %90a bertako sagarrarekin egin dugu, gure kasuan Lekaroz eta Aritzakungo sagarra. Hori osatzeko ekarri dugun sagarra, Galizia eta Bretainiatik ekarri dugu. Aurten Asturiasen ez zen sagarrarik.

Gainera sagardo ekologikoa egiten duzue. Zein bereizgarri ditu?

Sagardo ekologikoa sagar ekologikoarekin egindakoa da. Sagar ekologikoa ekoizteko ez da produktu fitosanitariorik erabili behar, ezta sintesi-produkturik, herbizida edo plagizida industrialik ere. Azkenean, zuhaitzak xurgatzen duen guzia sagarrera doa eta sagarra trinkotuta ateratzen da sagardoa.

Honelako produktuak erabili gabe, sagarrondoak errazago eritzen al dira?
Arazoren bat badugu lore-gurgurioarekin (gorgojo de flor, gaztelaniaz). Jendeak pentsatzen du lorea hormatu egin zaiela, baina nahasita daude, lorea berantiarra denez hemen hormateak kasik inoiz ez baitigu eragiten. Baina intsektu honen ziztadak lorea hormatua dagoenaren itxura ematen du eta lorea erortzen da. Sei urte kosta zitzaigun intsektu hori bazegoela jakiten. Ekoizpen ekologikoan zaila da eritasun hau tratatzea, feromonak begiratu ditugu, baina eritasun honetarako ez daude.

Hamalau urte dituzue Lekarozen. Baztanen berrikuntza handia izan zen garai hartan sagardotegia irekitzea. Aunitz aldatu dira kontuak?
Sagardoa lehen baino anitzez gehiago edaten da orai. Orai arraroa da sagardotegira etorri eta ardoa eskatzen duena, baina hasieran aunitz eskatzen zen. Hasieran ez genuen ardorik eta zalantza horixe dugu, ardoa izanez gero, sagardoa baino gehiago eskatuko ote ziguten. Orain badugu Aibarko ardo ekologikoa, baina gutti eskatzen da, normalean sagardoa eskatzen dute bezeroek. Nafarroa osoan aldatu da sagardoaren kultura. Duela 13 urte Erdi Aroko Azoketara joaten hasi nintzen eta Tuteran ez zen sagardorik ostatu bakar batean ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun