Nafarroako sagardotegien txotx irekiera Larraldean eginen da

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 16a

Larraldean sagardo guzia ekologikoa izanen da

Nafarroako sagardotegien txotx irekiera ofiziala Lekarozko Larraldean eginen da heldu den ortziralean. Gaur egun, sagardoa ekoizten duten sei sagardotegi daude Nafarroan, Larraldea Lekarozen, Linddurrenborda Lesakan, Berueten bertze bi, eta, Aldatzen eta Lekunberrin bana. Joan den urtean denboraldiaren irekiera Lesakan egin bazen, aurten, 2003. urtean bezala, berriz ere Baztanen eginen da, Larraldean. Lehen txotxa beti pertsona ezagun bat egiten du, kirolariren bat, bertsolariren bat, musikariren bat edo kantariren bat. Hala ere, eguna ailegatu aitzin Jesus Angel Garcia etxeko nagusiak ez digu erran nahi izan nor izanen zen aurtengoa.

Sagardoari buruz berriz nahiko baikor dago Lekarozko sagardo egilea. Bere iduriko nahiko ona izanen da eta kolorearen aldetik gorristagoa. Erran digunez aurtengo sagardoaren %90a bertako sagarrekin egin dute, urtesagarra, udaresagarra eta gehien bat anixesagarrarekin. Uzta osatzeko sagarra Galiziatik eta Bretainiatik ekarri dute baina Asturiasetik batere, han ez baita sagarrik izan aurten.

Aurtengoz, Jesus Angelek erran digunez, Larraldean 32.000 eta 35.000 litro artean eginen dituzte, dena sagar ekologikoarekin egina. Nafarroako sagardotegi guziak kontuan hartuta 200.000 litro eginen dituzte.

Irekiera ofiziala ortziralean eginen bada biharamunetik aitzinera publikoari zabaldua izanen da Lekarozko sagardotegia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun