Oronozko biztanleek zalantzan jartzen dute, Baztango Udalak erran bezala, San Martin Ikastetxearen moldatzeak herriari onurak ekarriko dituela, eta informazio gehiago galdetzen segitzen dute. Batzarrea egin baino bi egun lehenago zehaztasun gehiago galdetu zituzten, baina dokumentu batzuk ez ezik gauza anitz ez zuten lortu. Hori dela eta, salatu nahi izan dute, horrela ezin dutela zehazki jakin zein diren Baztango udala eta promotoreak onartutako konpromisoak. Gisa berean ez dituzte izan Udala eta Urrutia fundazioaren arteko hitzarmena eta Oronozentzat izanen diren lokalen kalitatearen txostena.
Zalantzan ematen dute ere Baztango udalak erran duenean “Eremu publiko bat lortuko duela Oronozko gazteak etxeak egin ahal izateko, eta abandonatutako eraikina berreskuratzea lortuko dutela dirurik gastatu gabe”. Jakin ahal izan dutenez, hitzarmenean enpresak lehen bi solairuak moldatu behar dituela aipatzen da baina bertze biei buruz ez da deus aipatzen. Enpresa, horien moldatzea ez dago behartuta.
Bestalde udalak eskuratuko dituen Babes Ofizialeko Etxebizitzak egiteko eremuak urbanizatu behar ditu bere kabuz. Herritar hauen ustez argi dago lehengo ikastetxea berreskuratuko dela baina promotoreak 123.000 euroko 48 pisu eginen dituenean, udalak 600m karratu lokal baizik ez ditu berreskuratuko erdia moldatzekoak izanen direnenean. Hori guzia kontuan hartu eta, Oronozko herritarrei ez zaie iduritzen Enpresa eta Baztango Udalaren arteko hitzarmena ona izan dela bai Oronoztarrentzat eta bai Baztandarrentzat.