Herriko etxeak bi hilabetetik zabaltzen du boletina, ikastaroak, erakusketak, lantegiak, bisita gidatuak, ikerketak, ondarea, eta deialdi ezberdinen berri emanez.
2.007. urteko lehen ale honetako azala Juan Angel Perotxena elizondarrak egin du.
Ikastaroei dagokienez, Nafarroako Gobernuak, Baztango liburutegiak eta Baztango udalak antolaturik, informatika ikastaroa emanen da liburutegian, hasi berriendako mailan.
Urtarrilaren 23an hasi eta otsailaren 2an akituko da eta astelehenetik ortziralera emanen da arrtsaldeko 3etatik 4,30etara, beraz, 15 orduko iraupena izanen du.
Izen ematea Baztango liburutegian egin beharko da eta kuota doakoa izanen da.
Erakusketetara pasatuz, eta soilik urtarrilean eginen direnak aipatuz, oraindik ere Bozateko Gorrienea museo etxean munduko jaiotzen erakusketa zabalik dago. Urtarrilaren 28a arte honako ordutegia izanen du, larunbatetan goizeko 11,30tatik 1etara eta arratsaldeko 4,30etatik 7,30etara eta igandeetan goizeko 11etatik 2etara.
Antolatzailea Santxotena parke museoa da.
Juan Gorritiren “gure basoak” izeneko erakusketa urtarrila eta otsailan bixita daiteke Amaiurko serorategian. Hauxe da ordutegia, ortzegunetan eta ortzireletan goizeko 10etatik 1etara eta arratsaldeko 4etatik 7etara, eta larunbatetan goizeko 10etatik 1etara.
Antolatzailea Amaiurko herria da.
Legate, Lekarozko auzokideen elkarteak antolaturik, Lekarozko eskolan argazki zaharren erakusketa jarriko da urtarrilaren 27 eta 28an. 27an arratsaldeko 6etatik 9etara eta 28an goizeko 12etatik 2etara.
Eta Lesakako beti gazte elkartearen egoitzan inauguratu ondoren, “Lesaka, harria, egurra eta burdina” izeneko argazki erakusketa Elizondoko Arizkunenea kultur etxean ikusgai jarriko da ortziral honetan eta otsailaren 6a bitarte ikusgai egonen da. Lesakako udala da antolatzailea.
Eta urtarrileko azken aipamena, San Anton egunekoa da, eta hau ondarearen atalean kokatuta.
Eguerdiko 12etan Elizondoko foru plazan ohiko zozketa eginen da. Udaleko guarda batek saria herrian barna eramaten du, alegia, behia. Baina hau ez da izaten zozketatzen den bakarra, tartean zerria eta bildotsak ere baitaude. Dagoeneko Baztango denda eta establezimendu ezberdinetan salgai daude zozketa horretarako txartelak.
Lortzen den dirua Francisco Joaquin de Iriarte zahar etxarendako bideratzen da.
Otsailean, laburbilduz, “Begiratuak Pio Barojaren unibertsoari, omenaldia” erakusketa, plastika lantegia, bisita gidatuak…izanen dira.