Erdizko harrobiaren proiektua zertan den azalduko du Virginia Alemanek astelehenean

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 5a

Erdizen Aldeko Batzarra proiektua bertan behera utz dezaten bilerak eginen ditu

Urtarrilaren 2an Erdizen Aldeko Batzarra izeneko taldea Elizondoko Arizkunenean bildu zen Erdizen egin nahi den harrobiari buruz solastatzeko. Bilera horren antolatzaileek kritika gogorrak egin zien Baztango udalari eta Magna enpresari. Haien ustez “Orain da erokeri honi aitzin egiteko tenorea”. Bileraren ondotik ziotenez argi dago zinegotzien artean, batzuk interes pribatuak dituztela. Bidenabar salatu nahi izan zuten Magna enpresak eramaten ari den kanpaina eskubaloi taldea eta telebisten bitartez.

Virginia Alemanek, Baztango alkateak ez du kritika hauei erantzun nahi izan baina proiektua zertan dagoen zehazteko eta azalpenak emateko heldu den urtarrilaren 8an, astelehenarekin, komunikabideen aitzinean agertuko dela jakinarazi du.

Erdizen harrobia egiteko Magnetisas Navarra S.A enpresak duen aspaldiko proiektua da. Eugin duen harrobia laster bukatu dela eta, hemendik 6 edo 8 urtera, Zubirin kokatua den enpresak Erdizeko proiektuari ekin zion d uela zenbait urte. Baztango Udalarekiko lehen urratsak 2001.urtean egin ziren. Orduan bertan azterketa batzuen egitea onartu zuen, beti ere ingurumen saileko baimena zutela. Udalaren baietza eman zen EAko 3 bozekin, EHko 1ekin eta UPNkoek bozketan egon ez zirelako. Virginia Alemanek zuzentzen duen gaur egungo udalak Magnarekin harremanetan segitu zuen baina azterketa berri batzuk eta ingurumenarekiko berme batzuk eskatuz. Hala eta guztiz ere, gaurko egunean, Baztango Udalak ez du inolako behin betiko hitzarmenik onartu.

Sekulan bi erakundeek hitzarmen batera heltzen badira, harrobiak, 65 hektareako hedadura izanen luke eta aurreikusi denez 20 urteko biziraupena. Baztango udalerako 120.000 euroko diru sarrera eraginen luke urtero eta 35 lanpostu baztandarrentzat. Zeharka berriz industria-gune berri baten eraikitzen lagunduko luke baita naturari buruzko ezagutze zentro baten egitean ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun