Sei herri alkaterik gabe gelditu dira

Maite Oteiza 2007ko urtarrilaren 4a

Erratzu, Elizondo, Ziga eta Anizko alkateek bertze bi urtez segituko dute

Abenduaren 24ean egin zuten batzarra Baztango alkate juratuen hautatzeko. Aurreikusia zen bezala arrakasta handirik ez zuten izan eta hamabortz herrien artean sei alkaterik gabe gelditu ziren, Amaiur, Elbete, Irurita, Arraioz, Almandoz eta Oronoz. Hauek bertze batzar bat egin beharko dute. Erratzu, Elizondo, Ziga eta Anizen orain arte karguan zirenak segituko dute, hala nola, Santiago Ibargarai, Rafael Olaizola, Pablo Cenoz eta Martin Gamio. Bertze herrietan aldaketak izan dira, Azpilkuetan Jon Alkasenak Ramon Urrutia ordezkatuko du, Arizkunen Patxi Larraldek Martin Elizalde, Lekarozen Javier Elizaldek Fernando Astiz, Gartzainen Jose Mari Alberrok Jesus Elizegi eta Berroetan Arantxa Zozaiak Rafael Arretxea.

Amaiur, Elbete, Irurita, Arraioz, Oronoz eta Almandozen bigarren txandaren esperoan gelditu dira, hautagaiaren bat agertzen den ala ez. Iruritan, hurrengo deialdia abenduaren 31n, eguerdiko 12etan egitekoa zuten eta gainerako herrietan ilbeltzaren 1ean, ordu berean. Oraindik ere alkaterik gabe segitzen duten herriek Errege Egunean eginen dituzte batzarreak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun