Urrutia Fundazioko bi ikastetxeen etorkizunaz galdetu dute Oronozen

Maite Oteiza 2007ko urtarrilaren 4a

San Martin eta El Carmen ikastetxeei buruz egin ziren promesak egiazkoak ote ziren eta bete behar diren edo gezurra ziren galdetu diete publikoki Oronoz-Mugairiko bizilagunek Balleko Udalari eta Urrutia Fundazioari, abenduaren 9an egin zen batzarrean.

Jakina denez, Urrutia Fundazioaren babesean, Martin Urrutia Ezkurrak egin zituen bi ikastetxe hauek, baina etxebizitzak egiteko Balleko Udalak birkalifikatu zituen, El Carmengoa aitzineko legealdian eta San Martin oraingoan. Bizilagunen erranetan, oraindik ez dakite zer mesede ekarriko dioten erabaki hauek Oronoz-Mugairiko herriari eta hainbat galdera eta kezka dituzte. «Orain arte Udalak behin eta berriz Oronoz-Mugaireko herriak eskatzen zituen aretoak, behar bezala hornituak izango zituela erran du. Zergatik oraingo aldaketa hau? Zergatik 4 areto bakarrik? Zergatik eraikuntzaren erdia bakarrik? Zergatik ez dute kontutan izan behar herritarren nahiak? Zergatik ezin du erabaki herriak zertarako erabiliko dituen areto horiek? Zergatik inposatzen zaio herriari areto horien xedea?».

Ikastetxeen salmentaren dirua herriarendako izanen zela hamaika aldiz errepikatu ondoren, herritarrek ondorengo galderak ere planteatu dituzte: «Non dago diru hori? Non dago diru horren lehengoratzea? Zer gertatu da? Urrutia Fundazioak Oronozen Gizarte-ekintza bat egiteko nahia adierazten zuen. Non dago gizarte-ekintza hori?».

Abenduaren 20an egin zen bilerara gonbidatu arren, Udala eta Fundazioa ez zirela agertu diote bizilagunek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun