Joan den astean egitekoa zen Baztango Batzar Orokorreko 2006. urteko azken bilera, azkenean 2007ko lehen lan egunean egin zen, hain zuzen ere, asteartean, urtarrilaren 2an. Bertan ofizialki ezagutzera eman ziren hautatuak izan ziren alkate juratuen izenak, Patxi Larralde Arizkunen, Miguel Jose Ariztia Amaiuren, Jon Alcasena Azpilkuetan, Arantxa Zelaia Berroetan, Jose Maria Alberro Gartzainen, Javier Elizalde Lekarozen, Martin Gamio Anizen, Rafael Olaizola Elizondon, Santiago Ibargarai Erratzun eta Pablo Zenoz Zigan. Azken lau hauen kasuan berriz hautatuak izan dira. Alkate juraturik ez duten herrietan, Almandoz, Arraioz, Irurita, Elbete eta Oronozen, hauteskundeak ospatuko dira erregeen egunean. Data berean, Baztanek dituen 15 herrietan, ateratzen diren alkate juratuek kontuak aurkeztuko dituzte.
Astearteko batzarrean, Baztanek dituen lau eskualdeen batzorde kideen izenak ere ezagutzera izan ziren, Baztangoizarentzat Juan Luis Karrikaburu izanen da, Erberearentzat Peio Iriarte, Elizondorentzat Peio Escariz eta Basaburuarentzat Andoni Barrenetxe. Mendiko ordezkariak ere izendatu ziren, Basaburuan, Fermin Barazabal eta Martin Elizalde izanen dira. Elizondon eta Erberean orain artekoek segituko dute, baina Jesus Elizegi ordezkatua izanen da, eta Basaburuaren kasuan biak aldatzen dira, eta hemendik goiti Felix Etxeberria eta Rafael Arretxea arituko dira.