Baztanen idatzi eta Baztango historia, ohitura eta pertsonaiei buruzko bi libururekin ongietorria eman diogu 2007. urteari. Lander Santamaria kazetariak, Juan Mari Ondikol argazkilariaren irudiekin “Las cuatro estaciones en el Valle de Baztan (y alrededores)” izenburupean Diario de Noticias egunkarian argitaratutako artikuluen bilduma egin du. Urtaroz urtaro eta hilabetez hilabete, Baztango ohitura zaharrak, pertsonaiak, egun seinalatuak eta bertze hainbat konturen berri eman du.
Pedro Mari Esarte Muniain historialari eta idazle ezagunak, berriz, “Como vivían los baztaneses en el siglo XVI” liburua argitaratu du. Izenburuak dioen bezala, XVI. mendeko baztandarren eguneroko bizimodua azaltzen du 400 orri baino gehiago dituen liburu mardulean. Lehengo, oraingo eta betiko Baztanen bi ikuspegi bildu dituzte liburuan, bakoitzak bere estilo berezian.
Lander Santamariak, azken bi urteetan, igandero igandero Diario de Noticias egunkarian Almanaque izenburupean argitaratutako artikulu gehienak bildu ditu. Egun zehatzei buruzko ohitura eta bestez gain (zerri hiltzea, San Anton, feriak…), bertze efemeride batzuk ere gogoratu ditu (Omayra Sanchezen heriotza, Hiroshiman erori zen bonba…) eta gure lurralde honetako kontu kuriosoak. Santamariak egutegian oinarritutako errepasoa egin du, hilabetez hilabete, urtaroz urtaro. Lander Santamariaren ustez, «gure bizitzak, nahi baduzu edo ez baduzu, egutegien arabera eta batez ere, erlojuaren arabera, mugitzen dira. Horrela gabiltza hain estresatuak eta inora ezin ailegatuz. Baina, egia da, Bidasoaldea lurraren ziklora arras lotuta segitzen du, gure kultura eta tradiziora. Hori ongi dago eta luzaz izan dadila».
Urtarrilaren 5ean, goizeko 11:30ean Arizkunenea Kultur Etxean eginen du bere liburuaren aurkezpena Pedro Mari Esartek. Nafarroa eta Euskal Herriari buruz ikertu eta hainbat liburu argitaratu ondotik, azken bi liburuetan, Bidasoa Ikerketa Zentroarekin Baztango ordenantzei buruz argitaratutakoan eta azken honetan, sorterriari begiratua eman dio Pedro Masi Esartek: