Igandean izendatuko dituzte Baztango alkate juradoak

ttipi-ttapa 2006ko abenduaren 22a

Ateratzen diren 15etatik bat baizik ez da berriz aurkeztuko

Igandean egitekoak dira Baztango 15 herrien alkate juradoen berritzeko batzarra eguerdiko 12:00etan. Egun horretan aukeratuak izanen direnak, Errege egunean, urteko kontuak aurkeztearekin batera agintaldiari hasiera emanen diote 2 urtetarako.

Hasiera batean 15 alkateetatik segitzeko asmoa duen bakarra Arizkungo alkatea Antonio Elizalde da. Kargua uzteko asmoa dutenak hauexek dira: Juan Mari Aleman Amaiurkoa, Ramon Urrutia Azpilkuetakoa, Santiago Ibargarai Erratzukoa, Joxean Muñoz Elbetekoa, Rafael Olaizola Elizondokoa, Jesús Elizegi Gartzaingoa, Fernando Astiz Lekarozkoa, Maribel San Jose Iruritakoa, Pedro Agerrebere Arraiozkoa ,Bittor Elizagoien Oronozkoa, Luis Roldan Almandozkoa, Rafael Arretxea Berroetakoa, Martín Gamio Anizkoa eta Pablo Cenoz Zigakoa.

Gehienenek diotenez, alde batetik utzi nahi dute urte anitz eramaten dituztelako karguan, eta bertzetik, ordenantzak, lur esparruak eta paramentuak eguneratzea ez lortzeak haien gain eragin duen frustrazioarengatik. Azkenean hauek heldu den urte hasieran egin beharko lirateke Eusko Ikaskuntza eta EHUren laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun