Munduko 140 jaiotza ikusgai Arizkungo Gorrienean

ttipi-ttapa 2006ko abe. 20a, 15:09

Erakusketa larunbatean hasi eta urtarrila bukaera arte ikusten ahalko da

Gabon garai hauetan urtero egiten duten bezala, Xabier Santxotena eskultoreak eta Teresa Lafragua poetak jaiotzei buruzko “Misterios del Mundo” izeneko erakusketa ideki dute Arizkungo Bozate auzoan duten Gorrienea museoan. 8. urtekoz, munduko hainbat eskualdeko jaiotzak ikusten ahalko dira. Lehen urtean 15 obrekin hasi baziren, aurten 140 bat bildu dituzte, denek haien jatorrietako berezitasunekin. Zituztenak erakusten hasi baziren, bilduma laster garatu zen haien bidaietatik ekarritakoekin eta lagunek oparitutakoekin. Horrez gain, azken urteetan erakusketa aberasteko pieza batzuk eginarazi dituzte ezaguna duten zeramikari bati. Urtero berrikuntzak izaten dituzte eta aurten ez da salbuespena izan. Xabierrek erran digunez, jaiotza leku batetik bertzera aldatzen badira tokiari egokituz, hauen eraikitzeko erabiltzen diren baliabideetan ere berezitasuna ikus daiteke.

Erakusketa idekia egonen da abenduaren 23an, eta 26tik 30era goizeko 11:00etatik 13:30ak arte, eta arratsaldeko 16:30etik 19:30era. 24 eta 31n ere ikusten ahalko da baina bakarrik goizez 11:00etatik 14:00etara. Urtarrilean, asteburuetan idekiko dute, larunbatetan, goizeko 11:00etatik 13:30ak arte eta arratsaldeko 16:30etik 19:30ak arte, eta igandetan 11:00etatik 14:00ak arte.

Erran digutenez bikoteak ez du horretan gelditzeko asmorik eta dagoeneko pieza batzuk manatu dituzte heldu den urterako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun