Ekitaldi parrasta Baztango abendu eta urtarrileko kultur agendan

ttipi-ttapa 2006ko abe. 19a, 13:23

II Mariano Izeta saria Iruñeko Oier Lakuntzak irabazi zuen

Baztango euskalgintza, Baztandarren Biltzarra, Erratzuko Guraso Elkartea, Baztan Rugbi taldea, Elizondoko Gaztetxea, Baztango Mendigoizaleak eta Baztango artisauen eskutik kultur egitarau zabala prestatu dute Baztanen abendu eta urtarrilerako.

Hasteko, joan den ortziralean, bigarren Mariano Izeta saria jokatu zen. Nafarroako bertsolari gazteei zuzendutako txapelketa hau Iruñeko Oier Lakuntzak irabazi zuen. Jon Elizetxe gartzaindarra bigarren izan zen, Alazne Untxalo iturendarra hirugarren, Zizurko Iker Iriarte laugarren, Iturengo Iker Gorosterrazu bosgarren eta Berako Garazi Taberna seigarren. Joan den larunbatean, berriz, Juanito Lameriñasen argazki emanaldia eskaini zen Gaztetxean.

Aitzinera begira, ortzirale honetan, abenduaren 22an, Patxi Lasarteren eskutik diapositiba emanaldia izanen da Arizkunenean arratseko 8etan. Indiako Ladakh-Zanskar inguruan ateratako diapositibak eskainiko ditu. Egun berean, arratsaldeko 4:30etan Erreak Mari txotxongilo taldearen eskutik emanaldia izanen da Erratzuko elkartean. Larunbatean, abenduaren 23an, Baztango artisauen azoka izanen da goizean Elizondoko plazan. Arratsaldeko 4etan berriz, zinearen txanda izanen da. Lur diskotekan, Olentzero eta Subilaren lapurreta filma eskainiko da. Sarrera 2 euro kostako da. Abenduaren 24ean, Olentzero ailegatuko da Baztango herrietara ere. Elizondon, haurrekin batera, txalaparta eta txokolatada ere esperoan izanen ditu Gaztetxe parean. Heldu den astean, abenduaren 26tik 29ra, haurrendako rugbi eskola izanen da Elizondoko kiroldegian, egunero, goizeko 11etan. Abenduaren 27an, asteazkenean, haurrendako tailerrak izanen dira Arizkungo elkartean, atsaldeko 4etatik 6etara eta haurrendako jolasak Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, atsaldeko 4:30etik 6:30era. Biharamonean ere, abenduaren 28an, haurrendako tailerrak izanen dira Elbeteko eskolan arratsaldeko 4etatik 6etara. Abenduaren 29an, ortziral arratsaldeko 4:30etik 5:30era Mundua koloretan ikuskizun partehartzailea izanen da Iruritako Damaso Zabalza gizarte bilgunean. Abenduaren 30ean, berriz ere zinea izanen da Lur dikotekan. Arratseko 6etan, Kutxidazu bidea Ixabal filma ikusgai izanen da etasarrera 3 euro kobratuko da. Gauez, Elizondoko Gaztetxean kontzertuak izanen dira.

Baina urtea akitzearekin batera ez dira Baztanen antolatutako kultur ekitaldiak akituko. Urtarrilaren 2an, haurrendako tailerrak izanen dira Arraiozko zentroan arratsaldeko 4etatik 6etara. Urtarrilaren 3an ere, ordutegi berean, haurrendako tailerrak izanen dira Zigako eskolako sabaian. Urtarrilaren 12an, Eider Zapirainen eskutik, Indonesia 18.000 irla, 300 etnia… eta gehiago diapositiba emanaldia eskainiko da Arizkunenean iluntzeko 8etan. Gau horretan, bertso afaria izanen da Gaztetxean, Jon Barberena, Jon Elizetxe eta Julen Zelaietarekin. Urtarrilaren 20an, Joxe Erregerenaren argazki emanaldia izanen da Gaztetxean arratseko 7etan. Urtarrilaren 27an Patxi Lasarteren argazki emanaldia izanen da Gaztetxean, arratseko 7etan.

Bertze aldetik, 6 eta 17 urte artekoendako bertso paper eta ipuinen lehiaketa eta 18 urtez goitikoendako gutun eta esaldi lehiaketak ere antolatu dira. Lanak urtarrilaren 30a baino lehen igorri beharko dira Baztandarren Biltzarra elkartera (22 posta kutxa, Elizondo). Bertso paper eta ipuinen lehiaketa hiru mailatan banatu da, adinaren arabera: 6-11 urte artekoak; 12-14 urte artekoak eta 15-17 urtekoak. Adinaren arabera, lanen luzera aldatuko bada ere, denek gai librea izanen dute. Lehenbiziko bi saridunek liburuz eta CDz osatutako lotea irabaziko dute. Gutun eta esaldi lehiaketako irabazleek berriz, bi pertsonendako afaria eskuratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun