2007ko Baztango udalaren aurrekontua 8,4 milioi euro ingurukoa izan daiteke

ttipi-ttapa 2006ko abe. 13a, 12:40

Inbertsio handiena haur eskola eraikitzeak eraginen du 1,5 milioirekin

2007ko Baztango aurrekontua 8,4 milioi euro ingurukoa izanen da zinegotziak aztertzen ari diren proposamenaren arabera. Horietariko 2,7 milioi euro inbertsio errealetan gastatuko da, %32.

Azpiegitura planean aurreikusi diren lanak betetzeko, udalak 950.000 euroko mailegua eginen du heldu den urtean eta 2008an 680.000 eurokoa. Bien artean 1,63 milioi eurora ailegatuko den mailegua 20 urtez itzuliko da %5eko interesarekin, hala nola 163.000 euro urteko. Gaur egungo mailegu maila %14ean da eta mailegu berri horrekin %15,25era ailegatuko litzateke, onartua den muga %15,5ean denean.

Inbertsio nagusien artean, kokatzen da 0 eta 3 urte arteko haur eskolaren eraikitzea. 1,25 milioi euro kostako da. Baztango udalak 760.000 euro ordainduko ditu eta bertze 490.000 euroak Nafarroako Gobernuak. Eskola batzuetan berritze lanak egitea ere aurre ikusten da 265.000 eurorentzat. Iruritako eskolan 30.000 gastatuko dira, Erratzun 115.000 euro eta Baztango Ikastolan 120.000 euro. Lehen bietan Nafarroako gobernuak 20.000 euroko eta 75.000 euroko diru laguntzak emanen ditu hurrenez hurren. Hirugarrenerako aldiz ez du zentimorik aurreikusi. Azpiegitura planean Elbeten, Erratzun, Elizondon aurreikusten diren lanak egiteko, 200.000 euro gastatuko dira pista batzuk egokitzeko eta berritzeko eta 190.000 euro zubi batzuk egokitzeko eta moldatzeko. Hain adierazgarriak ez diren bertze hainbat inbertsio eginen dira, 230.000 euro herri guzietako frontoien mantenamendurako, 65.000 euro liburutegi berriaren proiektua idazteko, 41.000 euro hirugarren mundua laguntzeko eta 12.000 euro gizarte segurantzako.

Diru sarrerei dagokionez, zati handiena Nafarroako Gobernuak emanen du 2,7 milioi eurorekin. Bertze 1,65 milioi bilduko dira zergen bitartez eta 1,6 milioi gobernuak emanen dituen dirulaguntzen bitartez. Hiru kopuru nagusi hauei 950.000 euroko heldu den urteko mailegua gehitu behar zaie.

8,4 milioiko aurrekontua heldu den udal batzarrean bozkatuko dute, abenduaren 20an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun