Erresonantziak egiteko makina ibiltaria Elizondon izan zen

Maite Oteiza 2006ko abe. 5a, 10:38

50 bat laguneko zerrenda osatzen bada, berriz ere etorriko da

Nafarroako Osasun Zerbitzuko erresonantzia magnetikak egiteko makina ibiltaria Elizondon egon da bi egunez, eskualdeko pazienteei zerbitzu hau eskaintzeko. Azpiegitura ibiltari hau urriaren 5ean martxan jarri zen, eta hemendik goiti Nafarroako herri nagusietan ibiliko da. Egunean 35 bat erresonantzia magnetika egiten ahal ditu, eta hilabetean 800 bat.

Lehen aldia da Iruñetik kanpo ateratzen dela. Elizondotik pasatu eta gero, Tuteran, Lizarran eta Tafallan egon da. Sistema berritzaile hori hautatu dute erresonantzia behartua den lekutik hurbiltzen delako, eta beraz pazienteak ez duelako mugitu beharrik.

Kamioi baten ibiltzen den azpiegiturak, ospitale batean eman daitekeen kalitate berdina eskaintzen du. Unitate mugikor hau, Nafarroako Osasun Zerbitzuak duen laugarren erresonantzia magnetikak egiteko makina da, bertze hiruak finkoak dira Iruñean.

Unitate mugikorrak egutegi finkorik ez du momentuz, baina 50 bat pazienteko zerrenda osatuz gero, berriz ere Elizondora itzuliko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun