Almandozko eliza berriaren 50. urteurrena ospatu zuten herritarrek

Maite Oteiza 2006ko abenduaren 5a

Almandozko San Pedro eliza egin berritan, gibeleko aldean eliza zaharra duela. Gaur egun egoera kaxkarragoan dago eliza zahar Utzitako argazkiak

Bere garaian lagundu zutenei omenaldia eskaini zitzaien

Almandozko San Pedro elizaren 50. urteurrena ospatu zuten azaroaren 12an. Parrokiak omenaldia egin zien eliza berriaren eraikitzean lagundu zutenei. Joan den mendearen erdialdean, eliza zaharra egoera kaskarren zelako arriskutsua bilakatu zen bertan edozein ofizio egiteko. Hori dela eta, garaiko apeza, Norberto Iturralde zena buru zutela, eliza berri baten eraikitzea erabaki zuten herritarrek. Lehen harria 1953ko irailaren 13an pausatu zuten eta hiru urte beranduago inauguratu. Gaur egungo apezak, Ramon Apezetxeak dioenez, oparoak ez ziren garai haietan herritarren laguntza beharrezkoa izan zen eta ez omen zen makala izan.

Hauen eskertzeko antolatu zuten omenaldi egun berezia egunsentiko kantuekin hasi zuten, ondotik eukaristia egin zuten Elizondoko abesbatzak kantatua. Abesbatzak kontzertua ere eskaini zuen meza eta gero. Eguerditan aperitiboa egin zuten herritar guziekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun