Juan Angel Perotxenak irabazi du Baztango Merkataritza eta Zerbitzu emaileen elkarteko logotipo lehiaketa

ttipi-ttapa 2006ko aza. 30a, 17:39

Orotara 21 lan aurkeztu ziren

Osatzen ari den Baztango Merkataritza eta Zerbitzu Emaileen elkarteak erabiliko duen logotipoa aukeratu dute. Duela hilabete bat zabaldu zuten lehiaketara 10 bat egileek egindako 21 lan aurkeztu ziren. Kepa Lasoro, Miren Karmele Gomez, Ander Irigoien, IƱaki Atxa, Juan Angel Perotxena, Amaia Iturralde, Ana Villoria, Ibai Gonzalez eta Nekane Maritorena dira guttienez lan bat aurkeztu zuten diseinatzaileek.

Elkarteko zuzendaritzak, Unai Arriaga presidentea, Maria Luisa Tena presidente ordea, Isabel Gonzalez idazkaria, Angel Arraztoa diruzaina eta Asun Irigoien, Neli Yanci eta Javier Pina batzordekideek, osatutako epaimahaiak, Juan Angel Perotxena Elizondoko diseinatzaile gaztearen lana aukeratu zuen eta horri esker 300 euroko saria eskuratu zuen egileak.

Osatzen ari den elkarteak, Baztango saltokiak eta zerbitzuak hobetzea eta berritzea izanen du helburu nagusi. Aukeratutako logotipoa elkarteak zabalduko dituen berrietan eta bultzatuko dituen ekimenetan erabiliko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun